Ez dago jakiterik non eta nola piztuko den ilusioaren txinparta. Gonbidapen bat aski izan daiteke batzuetan magia hori sortzeko: «Iaz, Añorgako Dantzari Egunera gonbidatu gintuzten. Horren ondotik taldeko dantzariak askoz animatuagoak zeudela konturatu ginen: proposamen berriak eginez, dantza berriak ikasteko gogoz...». Ilusio horri eutsi nahian, beraiek eginen dituzte orain anfitrioi lanak: «Martxoaren 14an Dantzari Eguna antolatu dugu Goizuetan».
1998an egin zuten Goizuetan lehenengo Dantzari Eguna eta hogeita zortzi urte geroago antolatuko dute bigarrena. Lehenbiziko aldi hartan dantzariak izan zirenak, antolatzaile lanetan dabiltza orain. Ikasturte hasieran hasi zituzten prestaketa lanak: «Gurasoekin bilera egin genuen eta Dantzari Eguna antolatzeko asmoa genuela aipatu genien. Ideia ona iruditu zitzaien eta laguntzeko prest azaldu ziren. Dantzariei ere galdetu genien eta hauek ere oso pozik jarri ziren». Hortik aurrera, egunari forma ematen hasi ziren: «Egitaraua antolatzen, dirulaguntzak eskatzen eta beste herrietako dantza taldeak gonbidatzen». Lau dantza taldek parte hartuko dute: «Aresoko dantza taldeak, Añorgako Arkaitz dantza taldeak, Leitzako Aurrera dantza taldeak eta Goizuetako Umore Ona dantza taldeak. Guztira, 110 dantzari inguru izanen dira».
«Lau herritako ehun eta hamar dantzarik parte hartuko dute»
Harreman berriak sortzeko
Dantzarien arteko topaketa hau, harreman berriak sortzeko bidea izatea nahiko lukete: «Elkar ezagutzea ere bada helburua. Izan ere, pilotan aritzen direnek hainbat herritan jokatzen dituzte partiduak eta elkar ezagutzeko aukera dute. Euskal dantzen kasuan ez da hori gertatzen eta aukera hori eman nahi diegu».
Egitaraua
Egun osoko festa antolatu dute: «Goizean, 11:30ean etorriko dira dantzariak eta ongietorria eginen diegu eskolan. Eskolan bertan, 12:00etan, Agintarien dantza eginen dute dantzari guztiek batera eta kalejirarekin hasiko gara. Herrian barrena kalejiran ibiliko dira, tarteka gelditu eta dantzatuz. 13:30 aldera herriko plazan bukatuko da kalejira eta elkartean bazkaria izanen dute dantzariek. Pixka bat deskantsatu ondotik, 16:30ean emanaldi nagusia eskainiko dute plazan. Ondoren txokolatea banatuko dute eta festari bukaera emateko herriko dultzaineroek alaituko dute giroa».
Ongi pasatzeaz gain, «euskal kultura eta batez ere euskal dantzak» indartzea dute helburu. Hogeita sei dantzarik osatzen dute Goizuetako Umore Ona dantza taldea eta «urtetik urtera dantza taldean izena ematen dutenen kopurua beherantz» doala ikusteak kezka eragiten diete: «Sei eta hogei urtera arteko hogeita sei dantzarik osatzen dute Umore Ona dantza taldea». Hiru taldetan banatuta aritzen dira: «Txikiak zazpi dantzari dira, hiru neska eta lau mutiko. Ertainen taldean bederatzi dantzari ari dira eta handien taldean hamar dantzari. Azkeneko bi talde horietan denak neskak dira». Apiriletik aurrera beste deialdi bat egiteko asmoa dute: «Ea mutilen talderen bat eta helduen taldea ateratzeko jendea animatzen den!»