Leitzan jantzi moreak soinean eta askotariko banderak eskuetan, adin guztietako herritarrek parte hartu dute eguerdian egindako manifestazioan. Goizuetan zartariak gogoz jo dituzte eta Areson eta Aranon elkarretaratzeak egin dituzte. Hainbat modu, baina helburu bakarra: emakumeen eskubideen alde egin eta beste mundu bat feminismotik eraikitzea posible dela aldarrikatzea.
Leitzan, Lañaidek egin zuen mobilizaziorako deia. Beste mundu bat feminismotik lelopean mobilizazioa egin zuten eguerdian herriko plazatik aterata. Bukaeran, bermuta hartu zuten elkarrekin eta kuadrilla polita bildu zen Atekabeltzen egindako bazkarian. Eguna bukatzeko, Hegan egiteko gogoa emanaldiaz gozatu zuten Leitzako Herri Aretoan.
Areson, udalak elkarretaratzea deitu zuen eguerdian plaza zaharrean eta Emakumeen eskubideen alde zioen pankartaren atzeko aldean adin guztietako herritarrak elkartu ziren.
Goizuetan, Euskal Herriko mugimendu feministak egindako deiarekin bat egin zuten eta plazatik 12:30ean aterata, kazerolada egin zuten.
Aranon, kalera atera ziren herriko emakumeak eta Berdintasunaren borrokan, aske izan arte! lelopean elkarretaratzea egin zuten. Aldikarrapenari festa ukitua emanez, hamaiketakoa elkarrekin eginez borobildu zuten hitzordua.