Gaminderekin batera 22-12 irabazi zieten igandeko finalerdian Aldairi eta Arrillagari eta txapelketako partida guztiak irabazi dituzten Arrizabalaga eta Bergara izanen dituzte arerio martxoaren 22ko Eibarko Astelenako finalean
Aguraingo igandeko lehen finalerdian, orain arteko partida guztiak nagusitasun handiz irabaziak zituzten Olatz Arrizabalagak eta Arrate Bergarak erruz egin behar izan dute lan, azken markagailuak irudika dezakeena baino gehiago, Ruiz de Infante eta Mendizabalen defentsa zoragarria gainditu ahal izateko. Hauek 8-11 aurretik ere izan dira, baina atsedenaldia eskatu dute Arrizabalagak eta Bergarak eta hortik aurrera partidaren gidoia aldatu da. Arrizabalaga-Bergara fisikoki indartsuago agertu dira bigarren erdi horretan.
Gaminderen erritmora
Bigarren finalerdian ligaxkan puntutara berdindurik bukatu zuten bi bikote aritu dira elkarren aurka, baina igandeko partidan oreka gutxiago egon da eta denbora guztian Alize Sagardui goizuetarra eta Enara Gaminde markagailuan aurretik joan dira. Jokoan gehiegi arriskatu beharrik gabe, gazteek atzean Laukizkoak irekitzen zituen zuloetan jarri dute esperantza, goizuetarrak, aukera izan duenean, errematera pasatzeari muzin egin gabe. Rolak oso ondo banatu ditu bikote urdinak eta 14 urte besterik izan ez arren, patxada ederra erakutsi du goizuetarrak. Lan erdietarako zortzi tantotako aldea pilatu dute Sagarduik eta Gamindek (11-3) eta gerora ez dute aparteko zailtasunik izan alde hori kudeatzeko.
Martxoaren 22an Eibarko Astelenan jokatuko den finalean, beraz, Arrizabalaga eta Bergara, Alize Sagarduiren eta Gaminderen kontra ariko dira.