Piszifaktoria Ideien Laborategiak Hegan egiteko gogoa da antzezlana aurkeztuko du martxoaren 8an Leitzan. Obrak gaur egun puri-purian dagoen gaietako bat izanen du ardatz: buru-osasuna. Obra honen erdigunean publikoa dago, barru-barrutik biziko baitu esperientzia sentsorial oso berezi bat: «ezinbesteko osagaia da obra bizitzera datorren jendea».
“Ikusmena ez beste zentzumenekin bizitzen den obra berezia da hau. Hortaz, itsuentzat eta edozein motatako ikusmen arazoak dituzten pertsonentzat erabat irisgarria da. Ikusmen arazorik ez daukan publikoak, berriz, begiak estalita biziko du obra”.
Irati Agirreazkuenaga eta Mikel Ayllon izango dira publikoarekin batera zuzenekoetan, Ayllonek berak eta Amaia Garatek diseinatutako dramaturgiarekin. ATX Diseinua eta Sorkuntzak sortu du obra berezi honek behar duen dispositibo eszenikoa. Ibon Agirrek garatu du soinu-espazioa eta ikuskizunaren jatorrizko musika, Audiogela estudioan.