Nor dugu Eneritz?
Neure burua bizpahiru hitzetan deskribatuko nuke: euskalduna, konprometitua eta eraldatzailea.
Zer duzu gustuko?
Hezkuntza mundua gustuko dut baina bereziki lehen hezkuntzako etapa maite dudala esanen nuke. Gizartea aldatuko duten haur kritiko, sortzaile eta eraldatzaileak heztea gustatuko litzaidake.
Maite duzu Leitzako herria?
Nire jaioterria Aldatz da, baina hiru urte nituenean Leitzara etorri ginen bizitzera, eta beraz, nire nortasuna Leitzan eraiki da. Herria miresten dut eta sekulako estimua diot. Bereziena haren euskalkia dela esanen nuke, xarma ematen dio.
Herriko txokoren bat aukeratzekotan, zein?
Leitzako plaza: herriko plazak historiaz beteta daude eta garai bateko ohiturak zein kulturak bertan gordetzen dira. Herri giroa eta komunitatearen kohesioa sustatzen laguntzen du txoko honek.
Eta ohitura bereziren bat?
Ihauteetan baserrietan egiten dugun eskea. Herritarrak baserrietara hurbiltzeko aitzakia ederra izaten da. Izan ere, garai batean baserritarren eta herritarren arteko elkargune gisa balio baitzuen.
Leitzako Gaztek Azmarren taldea sortu duzue berriki...
Pesten ondotik sortu genuen, gazteok topaleku zein aisialdirako ekintzak falta genituela konturatuta. Are, herriaren etorkizuna elkarrekin eraikitzeko irrika ere sortu zitzaigun.
Zertan ibili zarete orain arte?
Egin ditugun ekintzak parrandarekin lotuta egon dira, baina parrandatik harago arnasguneak sortzea da gure helburua: mendi martxak, frontenis txapelketak, otorduak eta gehiago ere bai.
Eta etorkizunera begira zer duzue burutan?
Gazteentzako etxebizitza proiektua daukagu burutan, arazoari erantzuna emateko.
Taldeko kide gisa zein mezu bidaliko zenuke?
Ilusio handiz lanean gabiltza. Hala ere, jendeari dei egiten diot parte hartzera animatzeko. Hurrengo bilkura martxoaren 11n eginen dugu.
Zure helburuak aurten?
Lehen Hezkuntzako oposizioak gainditu eta eskola munduan sartzea.
Eta epe luzeagora?
Etxebizitza proiektua aurrera ateratzearekin amesten dut, hutsune handia baitago hor.