Herrian oinarrizkoak diren zerbitzuak falta direla ikusita, taberna eta denda irekitzea izan da Aresoko Udalaren lehentasunezko proiektua azken bi urte hauetan. Ez dira bakarrik aritu lanketa horretan, hainbat herritarrek proiektuari bultzada emateko talde eragilea osatu zuten eta Cederna Garalur eta Olatukoopen laguntza izan dute. Batzarrak egin dituzte, eraikinaren planoak osatu, inguruko herrietara bisitak egin eta orain, proiektuaren heldulekua izango den herri kooperatiba sortzeko ordua dela ikusi dute.
Martxoaren 2an, batzarra egin zuten eta prozesu honetan ikusi eta ikasitakoa azaldu zieten herritarrei. Beraiek argi dute: «herri kooperatiba bat da gaur egun ditugun eta etorkizunean izan ditzakegun erronkei erantzuteko modua».
Horrek zerbitzua epe luzean ziurtatzeko bidea ematen duela uste dute: «Aranon, Elduainen... ikusi dugu udalak errentan ematen dituen tabernekin zer gertatzen den. Irabazi ekonomikoak lortzea da lehentasuna eta ez dutela segi nahi erabakitzen dutenean, herria berriz ere zerbitzurik gabe gelditzen da». Herri kooperatibarekin lehentasunak aldatzen dira: «Irabazi asmorik gabekoa izan behar du. Irabaziak proiektu honetan edo herrian inbertitzeko erabiliko dira eta eskaintzen den zerbitzua bermatzea izango da garrantzitsuena».
Gainera, eskaintzen den zerbitzua nolakoa izango den herritarrek erabakiko dute: «Kooperatibako bazkideen esku egongo lirateke ordutegia, eskaini beharreko zerbitzuak, baldintzak... eta langileentzat ere lan baldintza duinak izatea bermatuko litzateke». Langileen hautaketa egiteko orduan, Cederna Garalurren bitartekaritza izatea ere adostu dute eta langileei kooperatibaren parte izateko aukera emango zaie: «Beraiek proiektuaren parte badira, errazagoa izango da zerbitzua egonkorragoa izatea». Taberna eta dendaren proiektuak du gaur gaurkoz lehentasuna, baina azpimarratu dute etorkizunean herrian sor daitezkeen bestelako beharrei erantzuteko tresna dela kooperatiba: «Kanpoko laguntzen esperoan egon gabe, nahi dugun herria sortzekoa».
Herritarren babesa
Horregatik, herri mailan lortutako babesa ahalik eta zabalena izatea da helburua: «Garrantzitsua da ahalik eta herritar gehiengana iristea. Bazkide egin eta proiektuaren parte sentitzea». Bakaikuko adibidea jarri zuten mahai gainean: «340 biztanle ditu herriak eta 130 inguru dira bazkide. Jarri zuten aportazioa 60 eurokoa izan zen eta ez dute diru gehiago jarri». Diru kontuak eta bazkide izateak ekarriko lituzkeen erantzukizunak izan daitezke zalantza gehien sorrarazi ditzaketenak: «Ez diogu horri beldurrik izan behar. Ez dugu pentsatu behar herritar bakoitzari bere poltsikotik diru kopuru handi bat jartzeko eskatuko zaionik. Aportazioa sinbolikoa izango da, proiektua ez delako horrekin finantzatuko». Herritarrak bazkide izan eta proiektuari babesa ematea da helburua: «horrek emango diolako indarra, baina alderdi ekonomikotik, ez luke bestelako erantzukizunik izango». Bazkide izateak «indarra emango dio proiektuari, babesa eta bazkideek eskubidea izango dute bozkatzeko eta kooperatibaren barruan zer gertatzen ari den jakiteko».
Talde eragilea eta udala marko juridikoa lantzen hasiko dira orain: «Estatutuak egin eta legalki eman beharreko pausoak ematen». Datozen hilabeteetan bazkidetza kanpaina lantzen ere hasiko dira: «Ez galdu aukera. Guk eraiki dezagun nahi dugun herria».