'212 mountains' eta 'Sirat' filmak ikusteko aukera izanen da igandean Leitzan

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 27a

'212 mountains' filmeko protagonistekin solasaldia izanen da.

Martxoaren 1ean bi hitzordu antolatu dituzte Leitzako Herri Aretoan. 212 mountains filma ikusteko aukera izanen da 17:00etatik aurrera eta solasaldia ere antolatu dute Luis Arrieta eta Xabier Zarranzekin. Ilunbarrean, 19:30ean, nazioartean hainbat sari lortu dituen Sirat filma emanen dute.

212 mountains dokumentalean Xabier Zarranzen istorioa bildu du Luis Arrietak. Xabier Zarranzek  20 urtez mendi lasterketetan lehiatu ondoren, Euskal Selekzioko taldea utzi eta eliteko txapelketetatik aldentzea erabaki du. Erabakia hartu duen urte berean, ustekabean, estatuko zirkuituko ultra garrantzitsuenetako bi irabazi ditu: Gran Trail Aneto-Posets (105 km/6.760m+) eta Canfranc-Canfranc (100 km/8.848m+). Horrek bere etorkizunari buruz hausnartzera bultzatuko du berriro, eta bidean, zeharkaldi bat osatuko du Pirinioetan, 3.000 metrotik gorako 212 tontorretako batzuetan barrena, Balaitus (3.144 m) eta Pica d'Estats (3.143 m) lotuz.

Sirat Oliver Laxe galiziar zinema zuzendariaren film dramatikoa da. Marokoko desertura garamatza filmak. Hautsez beteriko hainbat bozgorailu muntatzen ari dira. Egiten duten zarata gertu dauden arroilek ekartzen dute bueltan, soinua areagotuta. Hutsik zegoen desertua gorputzez betetzen da. Alde batetik bestera mugitzen dira, birak ematen dituzte, astindu egiten dira. Eguzkiak errea dute azala, denborak urratuak jantziak, baina horrek guztiak ez du axola; musika eta gorputza musika horren erritmoan, askatasunez mugitzea da orain garrantzitsua. Trantzean dauden gorputzak dira, eta onarpen eta euforia giroa arnasten da. Luis eta hamar urteko haren seme Esteban ravearen erdian daude: lekuz kanpo dauden bi gorputz. Dantzan ari direnei hurbildu zaizkie, banan-banan, neska baten argazkia erakutsiz. Irudikoa Mar da, Luisen alaba eta Estebanen arreba, eta bost hilabetean ez dute haren berririk izan. Ustez desertuko festa horien parte izan litekeelakoan haren bila joan dira, baina ez dirudi inork ezagutzen duenik. Handik egun batzuetara barru beste rave bat egingo dela esan die Jadek, Mauritaniatik gertu. Militarrek festa amaitzera behartu dituzte, larrialdi egoera dekretatuz, eta aita-semeak bigarren raverantz abiatu dira, Stef, Josh, Tonin, Bigui eta Jaden atzetik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun