Ongizate emozionalari buruzko hainbat saio antolatu dituzte Leitzan

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 24a

Ongizate emozionalean sakontzeko aukera izanen da. (Argazkia: Freepik)

Donna Apellaniz Nieto terapeutak bideratuko ditu saioak. Lehenbiziko hitzordua martxoaren 2an izanen da eta gizarte zerbitzuetara deituta eman behar da izena. 

Leitzako, Aresoko, Goizuetako eta Aranoko gizarte zerbitzuek ongizate emozionalaren bueltan, lanketa berezi bat egin nahi izan dute. Gida bat kaleratu dute eta bertan finkatu dituzte kontuan izan beharreko hainbat gomendio. Bertan aipatzen dute, ongizate emozionala izateko lehenbiziko urratsa «norbere burua ezagutzea, maitatzea eta emozioak ezagutzea» dela eta hortan sakontzeko, hainbat saio antolatu dituzte Donna Apellaniz Nieto terapeutarekin.

Martxoaren 2an, Norbere burua ezagutzea izenburupean eginen dute lehenbiziko saioa. Leitzako udaletxeko batzar aretoan 17:00etatik 19:00etara. Apirilaren 20an izanen da bigarrena eta Mundu emozionala landuko dute. Hirugarren saioa, Norbere burua zaintzea izenburupean, maiatzaren 20an izanen da.

Helduentzako saioak izanen dira eta edonork parte hartu dezake. Izena eman edo informazio gehiago eskuratu nahi dutenek 948 51 08 40ra deitu behar dute. 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun