Binakako txapelketa nagusian bere aukerei eusten die Alize Sagardui goizuetarrak

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 23a

Capellan, Aldai, Gaminde eta Alize Sagardui goizuetarra Etxebarrian. Txapelketan bizirik segitu ahal izateko behar beharrezko garaipena lortu zuten gorriek.

Emakume Master Cupeko binakako txapelketa nagusia gori-gori dago eta ikusmina ere handia da, igandean Etxebarrian eta Asteasun ikusi ahal izan denez. Bi frontoiak goraino beteta zeudela jokatu zen jardunaldi bikoitza eta Alize Sagardui goizuetarrak eta Gamindek eta Ibarrola-Erasunek lau onenetan sartzeko urrearen balioa duten garaipenak eskuratu dituzte. Txapelketa orekatua eta lehiatua izaten ari da aurtengo binakakoa eta azken jardunaldira arte ez da jakinen zer lau bikotek jokatuko dituzten aurtengo finalerdiak. Ostiralean Ortuellan eta igandean Igorren uxatuko dituzte zalantza guztiak.

Gaminderekin bikote eginez 22-18 irabazi zieten Aldairi eta Capellani igandean Etxeberrian

Alize Sagardui eta Gaminde kinka larrian heldu dira Etxebarriara eta partida gogorra irabazi behar izan dute aurrera bizirik jarraitzeko. Aldai-Capellanek asko estutu dituzten arren, azkenerako 22-18 gailendu dira. Eskuetako arazoetatik erabat osatuta, Andrea Capellan indartsu itzuli da kantxetara eta gauzak zail jarri dizkie Sagardui-Gaminderi. Hala ere, Goizuetako aurrelari gaztea eta egungo txapelduna gora egiten ari dira nabarmen, gero eta hobe ulertzen dute elkar eta oraindik ez dute azken hitza esan.

Asteasun, Ibarrola-Erasunek azkenerako nahi baino gehiago sufritu dute hirugarren postuan sendotu dituen hirugarren puntua eskuratzeko. Zizurkilgo atzelariak bikotearen zama bizkar gainean hartuta, partida osoa aurretik eman dute eta 21-9 ere aurreratu dira Ruiz de Infante-Mendizabalen aurka. Urdinek, orduan, berpizte bat izan dute eta 21-16 ere gerturatu dira, baina buelta eman ahal izateko desabantaila handiegia pilatua zuten eta azkenerako amore eman behar izan dute.

Dunixe Alberro garaile

Elite mailakoak ez ezik, promesa mailako pilotariak ere aritu ziren, Etxeberrian nahiz Asteasun. Eskualdeko pilotariei dagokienez, Iturengo Dunixe Alberro aritu zen Asteasun eta Intza Arrutirekin batera, 18-8 irabazi zieten Maria Balerdiri eta Itsasne Lizarralderi.

Balerdi, Lizarralde, Dunixe Alberro iturendarra eta Arruti. Urdinek 18-8 irabazi zuten Asteasun.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun