Zentral eolikoak eskualdean

Hernaniko lurretan baina Aranoko mugatik hurbil egin nahi duten Ikatz Gane proiektu eolikoa jendaurrean jarri du Eusko Jaurlaritzak

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 23a

Bateko eta besteko proiektu eolikoekin, Arano eolikoz inguratua geldituko litzatekeela salatu izan dute askotan.

Aurrera segitzen du Endesa enpresak Hernaniko lurretan egin nahi duen 24,95 megawatteko Ikatz Gane proiektu eolikoak. Gaur EAEko aldizkari ofizialean zabaldu dute, eta hala, 30 eguneko epea ireki dute helegiteak aurkezteko.

Hernaniko lurretan bost aerosorgailu jarri nahi dituzte, baina Urumea Bizirik taldeak jakinarazi duenez, «Aranori ere eragiten dion proiektua da». 200 bat metroko altuera izanen luketen eolikoak dira, bakoitza 4,99 megawattekoa. Hernaniko azpiestaziora joateko linea, berriz, 7,425 kilometroa izanen litzateke eta Hernaniko lurretan egin nahi dute.

«Antolatzeko» deia egin du Urumea Bizirik taldeak, «norbanako, eragile eta instituzioetatik eragiteko ordua» dela nabarmenduz.

Eolikoen kokapena erakusten duen mapa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun