Iraganera begiratzeak ematen du oraina ulertzeko bidea eta horretan ari da Malen Lizarraga Olano leitzarra. Historialaria eta arkeologoa da eta Nafarroa iparraldeko burdinolak eta burdingintza ikertu ditu doktoretza tesian. XVI. mendetik XVIII. mendearen erdialdera arteko ehunka dokumentu aztertu ditu, burdingintzak Nafarroako mendialdeko lurraldearen eta gizartearen osaeran eta merkataritza sareetan eraginik izan ote zuen jakin nahian.
Nafarroa iparraldeko burdinolak eta burdingintza ikertu dituzu. Nolatan?
Formazioz historialaria eta arkeologoa naiz. Gradu amaieran industria aurreko ekoizpenen arkeologiari buruzko lan bat aurkeztu nuen. Horrek bidea eman zidan historia, Leitzako historia eta arkeologia uztartzeko. Gero, arkeologiako masterra ikastera joan nintzen Granadara eta bertan, burdinolei buruzko lan zabalago bat osatu nuen. Hurrengo pausoa izan zen tesiarekin hastea. Urte luzetako lana izan da, baina asko gozatu dut. Nafarroan burdinolak oso ahaztuta daude, ez daude ondare bezala babestuta... eta pena da, badaudelako aztarna ikusgarri asko. Gaur gaurkoz, burdinolen historia bizirik mantentzeko biderik egokiena ikertzea eta gaia gizarteratzea da.
«Nafarroa iparraldean kokatu ziren burdinolak»
Gure inguruan, hainbat herritan izan ziren burdinolak.
Nafarroa iparraldean kokatu ziren burdinolak: Leitzan, Areson, Goizuetan (iraganean Anizlarrea deitua), Aranon, Bortzirietan, Ezkurran eta Eratsunen. Gero, badago Zubietan ere burdinola bat, baina Malerrekara edo Baztanera hurbiltzen bagara, galtzen joaten dira. Salbuespena dira Urdazubiko monasterioaren burdinolak. Bat Urdazubin zegoen eta, bestea, Baztan eta Urdazubi artean. Baztango kontzejuak eta Urdazubiko fraideek elkarren artean eraiki zuten XVI. mendean.
Zure ikerketaren abiapuntua zein izan zen.
Nafarroa iparraldeko burdinolak ikertzea zen asmoa, bai historiko baita arkeologikoki ere, eta ulertzea burdinolak zer nolako eragina izan zuen Nafarroa Mendialdeko gizartearen osaeran. Horrekin batera, Kantauri isurialdean edo Atlantikoan egiten zen merkataritzarekin zer lotura izan zuen ere ikertu nahi nuen. XV., XVI. eta XVII. mendeetan euskal burdina oso preziatua zen, asko esportatzen zen Atlantikoko merkatuetara, baita Ameriketara ere. Nafarroako burdinolak merkatu horren parte izan ote ziren jakin nahi nuen.
«40 burdinola egon ziren aldi berean martxan XV.mendean»
Zein zen Nafarroako burdingintzak merkatu horretan zuen tokia?
Ezinezkoa da Erreinuan garatu zen burdingintza ulertzea Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetan garatu zenarekin batera ez bada. Jendea, ideiak eta kapitalak joan-etorrian zebiltzan mugaren alde batetik bestera. Kontuan izan behar da, batez ere, Bizkaia eta Gipuzkoako burdingintza izan zirela garrantzitsuak. Nafarroakoa, Araba iparraldekoa eta Kantabriakoa erdigune horren periferian gelditzen dira. Nafarroako burdinolek Behe Erdi Arotik eta, gehienbat, XVI. mendean, gipuzkoar merkatarien interesak erakarri zituzten. Burdinolak eraiki, erosi eta maiztertzan hartu zituzten eta lanerako aukerak zeudela ikusita, asko izan ziren lanera etorri zirenak.
Zenbat burdinola izan ziren eskualdean?
XVI. mendean 68 burdinola eta bi olatxoren erreferentziak jaso ditut. Aldi berean, berrogeiren bat ariko ziren lanean. Nafarroako burdinola gehienek Erdi Aroan zuten jatorria eta burdinolak antolatzeko zuten araudia izan zen hori ahalbidetu zuena. Burdinola bakoitzak ustiaketa barruti bat zuen mugatuta eta bertan, burdinolarako beharrezkoak zituen lehengaiak eskuratzeko aukera zuen. Burdingintzan aritzeaz gain, ikazkintzarako, egurgintzarako, meatzaritzarako eta nekazaritzarako parada ematen zuen. Burdinola bakoitzak zuen bere eremua eta bakoitzari berea esleituta, pixkanaka puzzle bat osatzen zuten. Muga horiek oso argi zituzten. Behin banaketa hori egina dagoenean, oso zaila da beste burdinola bat sortu eta horri beste lur eremu bat ematea. Sistema horrek, nola edo hala, baliabideen eta burdinola kopuruaren arteko oreka mantentzea ahalbidetzen zuen.

Ekoizpena kanpoko merkatuetara bideratzen zuten?
Bai, zalantzarik gabe. Nafarroatik Gipuzkoara eta Lapurdira bidaltzen zen burdina. Itsasoz egiten zen merkataritzarekin batera, lurrez egiten zena ezin aipatu gabe utzi. Zenbaterainokoa izan zen neurtzea, ordea, ia ezinezkoa da. Nafarroak duen kokapen estrategikoagatik, pentsa daiteke kontrabandoak paper garrantzitsua betetzen zuela. Muga bada administratiboa, baina oso iragazkorra da. Bidesariak egonen ziren, baina bidesari horiek ekiditeko mila bide desberdin zeuden.
Sare bat osatzen joan ziren.
Hala izan zen eta gaur egunera arte iraun dute orduan landutako harreman bideek. Leitzatik asko bidaltzen zen Tolosara; Goizuetatik, Hernanira, Oiartzunera, edo Errenteriara; Bortzirietatik, Hondarribira; Etxalartik eta Beratik, Sara eta Ainhoara eta Urdazubitik, Donibane Lohitzunera eta Baionara.
Burdinarekin batera, jendea ere bazebilen joan-etorrian.
Nafarroako muga ez zen banaketa lerro soil bat. Mugako komunitateen elkargunea zen, eta truke asko gertatzen ziren bertan: ezkontzak, langileak, nekazaritzako akordioak eta abar. Gipuzkoa eta Frantziarekin merkataritzan aritzeko, lerroa gurutzatzeko edota sasoiko lanak mugaren alde batean zein bestean egiteko erraztasun eta ohikotasun nahikoa zegoen. Hori zela eta, burdina eraldatzeko instalazioak martxan jarri zirenetik gipuzkoarren presentzia erabatekoa izan zen erreinuan. Baina ez soilik burdinolen jabetzan eta finantzaketan, baita maizter moduan, langile espezializatu, garraiolari eta bestelako ofizioetan ere.
Gipuzkoarrez gain, Urdazubi eta Luzaideko burdinoletan ohikoa izan zen lapurtar eta baxenafarrak aurkitzea. Ikusi da, XVII. mende arte, lekaideen burdinoletako maizterrak ia beti Donibane Lohizune, Senpere eta Sarako auzokideak izan zirela.
«Landa eremuan kokatzen den industria da burdingintza»
Bertako ekonomian zenbaterainoko eragina izan zuten burdinolek?
Landa eremuan kokatzen den industria bat da eta burdinolek bere inguruan biltzen dituzten jardueren unibertsoa oso zabala da. Meatzaritza, burdingintza, ikazkintza, basogintza, abeltzaintza, garraioa... beharrezkoak dira minerala meatzetatik atera eta burdina merkaturatu ahal izateko. 30 eta 50 lagun artean enplegatzen zituen burdinola bakoitzak: morroiak, neskameak, meatzariak, ikazkinak, itzainak eta mandazainak, ikastunak... Gainera, burdinolak berak ere burdina egiteaz baino gehiago arduratu baitziren. Larreak errentan hartzen zituzten aziendentzat, kupelentzako oholak eta zirtziluak egiteaz arduratzen ziren… Produkzio gune garrantzitsuak ziren. Kasu askotan egun baserri hitzak duen esanahiarekin ere identifikatzen ziren, ohikoa zelako adibidez, burdinolari lotuta, 100 buruko artalde bat eta garraiorako mandoak eta astoak izatea.
«Burdinola bakoitzak bere ustiaketa barrutia zuen»
Burdinolen eragin ekonomiko eta soziala ez zen, beraz, lantegietara mugatzen?
XV. mendetik ardi, ahuntz eta zerriak izateko eskubidea zuen burdinola bakoitzak, baina baita baratzeak, fruta arbolak eta laborantza lurrak izateko ere. Ekoizpen konplexu osoak ziren beraz; etxebizitza eta errotarekin osatutakoak. Zenbaitetan burdinolen izaera bakartuak, herriguneetatik aldendurik, burdinaz gain, bestelako produktuen truke gune ere bilakatzen zituen. 1510ean, Martin Isastiri Leitzako Eleuna burdinolan salduko zituen gari, ardo eta garagarren zergak barkatu zizkioten. 1684an, Eratsungo Zumarrezta/Iturbietan ere ardoa, sagardoa, aleak eta arraia saltzeko baimena zuten.
Noraino zabal daiteke dibertsifikazioaren ideia?
Burdinoletan inbertitu zuten merkatariek harreman sare zabalak sortu zituzten eta horrek hainbat jarduera ekonomikotan aldi berean parte hartzea ahalbidetu zieten. Inbertsioak dibertsifikatzen zituzten, eta irabaziak epe luzera begira bilatu zitzaketen. Burdingintza isolaturik aztertzea ezinezkoa da, beraz. Garaiko ekonomia osatzen zuten jardueretako bat zen, eta merkatuak, eskariak edota norbere arrazoiek baldintzatu zezaketen horren errentagarritasuna. Burdinolen inguruan hainbat jarduera egiten zirenez, burdinaren prezioa jaisten bazen etekinak beste nonbaitetik lor zitzaketen. Egurra adibidez, arraunak egiteko erabili izan zuten.
«Kanpoko merkatuetara bideratzen zuten ekoizpena»
Hiru mende aztertu dituzu, zein izan zen tarte horretan burdingintzaren eboluzioa?
XVI., XVII. eta XVIII. mendeetan aldaketak eta birmoldaketak gertatu ziren instalazioetan, jabetza sisteman, mendiaren kudeaketan, mineralaren hornikuntzan eta abar. XVI. mendea bereziki dinamikoa izan zen. Burdin produktuen eskaria handia zen; Nafarroako burdina Atlantikoko merkataritza zirkuituetan txertatu zen, eta Ameriketara ere euskal burdinarekin batera iritsi zen.
XVII. mendean, doitze eta birmoldaketak gertatu ziren, sistema integrala deritzona bereganatu zuten instalazioetan. Olatxoak burdinola nagusiei itsatsita eraikitzen hasten dira, instalazio hidraulikoak hobeki aprobetxatzeko. Aldaketekin eta egokitzapenekin jarraitu zuten XVIII. mendean ere. Eraikin bakarrean egiten dira mineraletik burdinerako eraldaketa eta burdinetik tresnetarakoa ere bai. Sistema errentagarriagoa zen eta kokapen geografiko egokiena eta finantza ahalmen handiena zutenak biziraun zuten.
Burdina sortzeko bertako minerala erabiltzen zuten edo kanpotik ekartzen zuten?
Nafarroako burdina ia beti bertako mineralarekin ekoitzi izan zuten. Garai hartan, mineralaren sorburu handiena Somorrostron (Bizkaia) zegoen eta orain ere bai. Bizkaiko jaurerriak azkar arautu zituen mineralaren esportazioak eta debekatua zegoen Nafarroara ekartzea. Salbuespena da Urdazubiko monasterioa. XVI. mendetik errege baimen berezi bat dauka minerala Bizkaitik ekartzea ahalbidetzen duena. Hori irudikatzen duen Burdinaren Eguna ospatzen dute urtero abuztuan.
Legeak lege, beti existitzen zen kontrabandoa eta XVI.mendetik aurrera baditugu aipamenak, erakusten dutenak nabigagarriak diren ibaien ondoan kokatzen diren burdinoletan Bizkaiko minerala erabiltzen zutela. Bortzirietan ere Bidasoatik Montoiako portura segituan sartzen da. Urumeatik Ereñozuraino ere bai. Hor ere sortu ziren sareak.
«Minerala lortzeko meatze lehian aritzen ziren»
Minerala lortzeko lehiakortasun handia izanen zen?
Jende askoren interesak eta beharrak gurutzatzen ziren eta liskarrik ez zen falta izaten. Meategien ustiaketa usadio eta ohiturek arautu zuten gehienetan eta bakoitzak bere interesen arabera ulertzen zituen arauak. Lehiakortasun handia zegoen eta edozein arazo judizializatzen zen. Hainbat dokumentu daude meatze lehia erabatekoa zela erakusten zutenak.

Zer da meatze lehia?
Meategiak, mendiak bezala, komunalak ziren. Herritarra izateagatik eskubidea zenuen zure herriko meategia ustiatzeko, baina ez zen talde bakarra izaten mineral zain aberatsaren bila mendia zulatzen hasten zena. Orduan hasten zen meatze lehia: bakoitzaren meategi/zuloa azkarrena zeinek egin, albokoari burdin beta lapurtzeko edo irabazteko. Horri buruz aipamen ugari daude: meategi batera ailegatu, aurkitu mineral zain oso aberats bat. Talde bat ari da alde batetik zulatzen, bestea bestetik eta elkarrekin lehian, ari dira ea zeinek botatzen duen zein. Edozein trikimailu erabiltzen zuten aurkariak aurrera egitea oztopatzeko. Alde batean propio sua piztu ere bai, kearekin bestea botatzeko.
Zein zen emakumearen papera?
Gazteleraz dokumentazioak ferrón (olagizon) hitzaren antzera, ferrona ere jaso du. Ondorioz, olandre hitza ere erabiltzeko hautua egin dut, emakumeek burdinolen jabetzan eta administrazioan jokatu zuten papera begi bistakoa izan baitzen. Hainbatetan jaso dira burdinolak administraziopean zituzten emakumeen albisteak, baina gaiak nahikoa mami baduela eta aparteko ikerketa merezi duela uste dut.
Batzuk, alargunak ziren, eta seme alaben izenean jarduten zuten; besteak, senarraren baimenarekin ziren tratuak ixten zituztenak. Nola edo hala, protagonismo nabarmena izan zuten. XIV. mende amaieratik jaso dira burdinolen jabe ziren emakumeen albisteak. Jakina da alarguntzeak aukera berriak irekitzen zizkietela emakumeei. Gozamena deritzonak babesa eta autonomia lortzeko aukera ematen zien alargunei, betiere seme-alaben ondoan gelditzen baziren. Baina senarra kanpoan zuten bitartean horien izenean jardun zutenak ere asko izan ziren. Burdinolen administrazioaz arduratzeaz gain, zaintza lanei lotutako aipamenak ere bildu ditut. Esate baterako, 'nire gizona ikazkin ari da eta ni noa egunero ogia eta jatekoa ematera' diotenak.
Beste kasu bereziren bat aurkitu duzu?
Jaso ditudan aipamenetatik adierazgarriena Katalina Rezumarena izan da. XVI. mende erdialdera Juan Martinez Iurramendirekin ezkondu zen Errezuma burdinolako olandrea, gurasoengandik jasoa zuen burdinola. Senarra zor eta tirabiren ondoren atxilo hartu zuten, ordea, eta aurrerantzean soilik Katalinaren administraziopean jarraitu zuen burdinolak. 1552an, gainera, senarraren aurka jo zuen burdinolan bortxaz sartzea egotzita. 1554an, Katalina Rezumak Martin Aiestari eman zion burdinola errentan, baina baldintza berezi bat jasotzen zuen. Katalinak, Errezumara bizitzera joan nahiko bazuen, etxebizitzako sukalde txikia gordeko zion maizterrak.
Badira oraindik ikusteko moduan garai haietako aztarnak?
Burdinolen eta meategien kasuan, Erdi Arotik duela mende eskas arteko aztarnak aurki daitezke. Kontuan izan behar da XX. mendearen hasieran oraindik ere zenbait meategi erauzten jarraitu zutela. Burdinolek kokapen estrategia jakinak zituzten, eta horregatik zenbaitetan, gerora, zentral hidroelektrikoak eraiki ziren toki berdinetan (Bereau, Sarasain, Arranbide...). Mendiak eta basoak ere lan honetan aztertu ditudan jarduera guzi horien zantzuz beteta daude: ikaztegien aztarnak, zuhaitz moarratuak, burdin mineralen meategiak, mugarriak, antzinako galtzadak eta burdinolen konplexu industrialak osatzen zituzten elementuak: presak, ubideak, anteparak, lantegiak...
«Nafarroako burdinolak ez daude babestuta»
Baina babestua dago ondare hori?
Nafarroako ondarea kudeatzen duen Vianako Printzea Erakundearen erregistroak ez du burdingintzarekin lotura izan dezakeen elementurik erregistratuta. Hau da, ez dira ondare gisara aintzakotzat hartzen. Iberoko burdinola da salbuespena. Nafarroan burdinolak oso ahaztuta daude, EAEn ia dena babestuta dago. Pena da, badaudelako aztarna ikusgarri asko. Ez da interesatzen edo inbertsio handiak dira. Ondarearekiko dudan sentsibilitatea handia da eta etsia ere hartzen dut hori ikusitakoan.
Ikerketa bultzatzea ere beharrezkoa izanen da
Zalantzarik gabe, dirulaguntza gehiago behar dira. Urtetako lana dago doktoretza tesi batean atzean eta ez dago ongi ordaindua. Doktore aurreko beka bat lortu nuen, lau urterako eman zidatena. Lehenbiziko urteetan miseria bat ordaintzen dizute eta azken urteetan iristen zara soldata duin bat izatera. Hori bukatzen denean, bukatu da dena.
«Egindako lana argitaratzea gustatuko litzaidake»
Egin duzun lana gizarteratzea da zure nahia?
Egindako lana argitaratzea gustatuko litzaidake. Dirulaguntza publiko bat jaso dut ikerketan aritzeko eta uste dut bidezkoena dela, egindako lanaren emaitza aurkeztu eta denontzat eskuragarri egotea. Gure herriko historiaren parte da eta dagokion garrantzia eman beharko genioke. Hitzaldiak izan daitezke horretarako bide bat, baina baita liburu bat argitaratzea ere. Ez da erraza, horretarako udalen edo erakundeen laguntza ezinbestekoa delako.
XVI. mendetik XVIII. mendera arteko eskualdeko burdinolak eta olatxoak |
|
| UDALERRIAK | BURDINOLAK |
| ANIZLARREA | Zibola, Aldunzin, Elama, Beheko Elama, Artikutza, Goizarin, Olazarreta, Urdallue, Olaberri udal ola. |
| ARANO | Arranbide, Aranola, Askasu. |
| LEITZA | Urto udal ola, Errezuma, Ibero, Urdiñola, Eleuna, Sarasain, Astibia, Iñurrista, Urbieta, Eskibar, Beriñas, Alzate Olatxoa. |
| ARESO | Matxarin, Olaberria udal ola, Ibiur udal olatxoa. |
| ERATSUN | Zumarrezta/Iturbieta, Asura, Nekue, Zurzaizegi. |
| EZKURRA | Ollin, Erkaztia, Loza ola. |
| ZUBIETA | Urdiki udal ola. |
| BAZTAN/URDAZUBI | Olazarra, Bakeola, Baztango udal ola. |
| IGANTZI | Beheko Berrizaun, Goiko Berrizaun, Arangaitz/Olaberria udal ola. |
| ARANTZA | Igereta, Aranibar, Elorbide, Ibarrola. |
| ETXALAR | Etxarlatsa udal ola, Iasola udal ola. |
| LESAKA | Endarlatsa, Biurgarai udal ola, Biurberea udal ola, Bereau, Goiko Endara, Beheko Endara, Erkaztia udal ola, Garbisu. |
| BERA |
Markadia, Semeola/Olandia, Olaberria, Osinola, Okurunbe, Inzola, Marbaro/Marbaro olatxoa, Sobreola, Matxarain udal olatxoa. |