[GUTUNA] Aurrerako aferari buruz

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 17a

Leitzako Aurrera elkartearen bueltan sortu den egoerari buruz, hausnarketa hau egin du Joxe Fermin Lizarraga Lazkanok.

Leitzako Aurrera KEko bazkidea eta jokalari baten gurasoa naiz.

Aurrerako bazkide naizen partetik, azken boladan, Aurrerako zuzendaritzaren eta futbol, eskubaloi, saskibaloi, eta atletismoko batzordearen artean sortu den afera ekonomikoaz ariko naiz datozen lerroetan; uste baitut hau dela guztiaren muina.

Honi dagokionez, orain arte ikusi ahal izan dudan agiri ulergarri bakarra, bazkide batek eskatuta, Aurrerako zuzendaritzak abenduan helarazitakoa da. Diru kontuen txosten bat, kontu hartzaile profesional batek egina izateak dakarren bermearekin.

Diruen kudeaketak izan dituen gabeziak azaltzen dituen horrelako txosten baten aurrean, zuzendaritza batek ezin du ezikusiarena egin eta kudeaketa hori esku beretan segi dezan utzi. Zuzendaritzaren akatsa, izatekotan, ikusi ez duen proiektu bati konfiantza ematea izan da.

Gurasoa naizen partetik, aurrekoari, batzordeak eman dion erantzunari buruz:

Batzordeak ez du onartu, klubeko organigraman bere gainetik dagoen zuzendaritzaren erabakia, eta besteak beste, entrenamenduak bertan behera utziak daude. Erabaki hori hartu dutenen artean, kirol teknikari titulua dutenen batzuk izanen direla pentsatzekoa da. Titulu horiek lortzeko, ikasi beharreko hainbat ataletan azaldu ohi da jokalarien hobe beharrak izan behar duela lehentasuna beti: haien segurtasunak, ongizate emozionalak, lana (entrenamendua) egitearen balioa barneratzeak, kirol garapenak … Ikusten ari garena, ordea, haurrak eta nerabeak erabiliak izaten ari direla da.

Kontu hartzaileak aurkeztutako txostenarekin gustura ez izatea ulertzekoa da. Kasurik onenean, horrelako diru kopuruak (eta kopuruak oso garrantzitsuak dira) kudeatzeko gai ez direla erakusten baitu. Batzordeak, egiten ari zaien minari erreparatu gabe, haurrak eta nerabeak xantaia egiteko erabili behar izateak, berriz, beren kudeaketa defendatzeko taxuzko argudiorik ez dutela iradokitzen du.

Aurrerako zuzendaritzak antolatu zuen batzarrera, batzordekide bezala deitua izan nintzen. Guraso bezala, ez niri ez nire emazteari, inork ez digu iritzirik ere eskatu.

Eskubaloian ardurak hartuak dituzten hainbatek onartu digute beraiek ez dutela batzordearen proiektua ikusi. Guk batzordeari eskatu diogun arren, ez dugu proiektua ikusterik lortu. Behar bada, fede onez aritutako bat baino gehiago minduta sentitu izanen da hau irakurtzean; sentitzen dut. Nik esandakoei inork erantzun nahi badio, argudioekin egitea bakarrik eskatzen dut.

Eskerrik asko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun