Aranoko kontzejuko taberna eta etxebizitza errentan emanen ditu udalak

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 16a

Aranoko kontzejua.

Urtebeterako emanen dute errentan, beste lau urtez luzatzeko aukerarekin. Interesa dutenek, otsailaren 25era arte aurkez ditzakete proposamenak Aranoko udaletxean.

Imanolek eta Ainhoak eraman dute azken hamazazpi urtetan Kontzejuko tabernako martxa, baina azaro erdialdean uztea erabaki zuten. Beharrezkoak ziren egokitzapen lanak egin ondotik, Aranoko Udalak lehiaketa publikoa jarri du martxan.

Interesa dutenek, otsailaren 25eko 12:30ak arte, izanen dute proposamenak aurkezteko aukera. Aranoko udaletxean aurkeztu behar da dokumentazioa, eta bertan emanen dituzte lehiaketari buruzko xehetasun guztiak.

Kontzeju taberna eta erai­kineko bigarren solairuko etxebizitza ere emanen du Udalak errentan eta barne hartuko ditu tabernaren atariko terraza portxearekin, beheko terrazaren zati bat, biltegia eta tabernako zein etxebizitzako altzariak. Tabernak 55-60 lagunentzako tokia dauka barruan. Hasieran urtebeterako kontratua izanen da, baina hori bukatutakoan, bi aldeak ados badaude, beste lau urterako luzatuko lukete. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun