Ongi gogoan du mozorroetan atera zen lehenbiziko aldia: «Esperientzia berria eta oso ederra izan zen. Ordura arte kanpotik bizi nuen festa, baina mozorro taldean sartuta oso desberdin ikusten eta bizitzen dira inauteak». Bizipenak, hainbatetan amestutakoa gainditu zuen. Hasi bazen hasi, ez dirudi erretiroa hartzeko asmorik duenik: «Gaur egun hogeita hamabost urte ditut. Hogei urte daramatzat hutsik egin gabe mozorroetan ateratzen eta urtero gogoz hartzen ditut inauteak».
«Hogei urtez segidan atera naiz mozorroetan»
Taldean izaten duten giro ona azpimarratu nahi izan du: «Mozorroen taldean familia bat osatzen dugu». Antolakuntza propioa dute mozorroek eta abendu aldean hasten dira bilerak egiten, «horietara joaten den jendearen arabera banatzen dira lanak». Aurretik egin beharrekoak eginda, orain festan dute pentsamendua.
Igande eguerditik aurrera, sartuko da Salaberria inauteri giroan: «Igande eguerdian gazte batzuk Elegante Eguna ospatzen dugu bazkari batekin eta gauean mozorroen afaria izaten dugu». Festarako lehenbiziko txinpartak piztuta, biharamunerako gordeko ditu indarrak.
Inauterietako egun handia izaten dute Goizuetan astelehenean eta horixe da Salaberriarentzat «bereziena dena». Jantzi zuri gorriak soinean aterako da kalera otsailaren 16an, baina txapela zuria agerian utziko du paper berezia betetzen duela inauterietan: «Burruntzia izanen naiz. Hau da, garai batean, baserriz baserri eskea egiterakoan janaria bildu eta eramaten zuena».
«Eskean 30 baserri baino gehiago egiten ditugu»
Goizeko zortzietan hasiko dute baserriz baserriko eskea: «Egun osoa mendian igarotzen dugu, goizeko zortzietan hasi eta ilunabarreko zortziak arte». Orduan bueltatzen dira herrira dultzaineroek lagunduta. Ez dute nolanahiko itzulia osatzen: «hogeita hamazazpiren bat baserritara joaten gara. Eskea pasatu eta trukean fandangoa dantzatzen diegu».
Erlojuaren orratzei askorik begiratu gabe, gozatzea izaten da asmoa. Aitortu du, «goizean goiz hasi eta goizeko ordu txikiak arte» luzatu ohi dela festa. Hori, ordea, ez da aitzakia biharamunean: «Azken finean mozorro ateratzeak konpromiso batzuk dakartza. Nahiz eta gaua luzatu, hurrengo egunean goizean goiz prest egon behar duzu betebehar horiek kunplituz».
Astearte goizean, herriko eskearen txanda izaten da: «Gosaldu eta etxez etxe eskea egiten dugu fandangoa dantzatuz». Bazkal ondoren, Zahagi dantza egiten dute ilunabarrera arte. Berezia iruditzen zaio inauterietan sortzen den giroa eta badaki, herriko usadioak bizirik mantentzeko modua dela: «azken finean herriko historiaren parte da inauterietan egiten dugun Zahagi dantza». Zahagiaren azken pausoekin ez da bukatuko festa. Gauza jakina da, urteurren borobilak behar bezala ospatu behar izaten direla.