Helburu argi batekin aritu dira lanean jangela mahaiko kideak: «Herritik sortu, bertan kudeatu eta zaintza erdigunean jarriko duen jangela izatea». Eta lehenbiziko hiruhilekoa beteta, esan daiteke Leitzako jangela komunitarioa bere bidea egiten ari dela.
2025eko urtarrilean egindako herri batzarrean onartu zuten proiektuarekin aurrera segitzea. Herriaren babes hori edukita, udalak Nafarroako Gobernuari eskatu zion jangela herritik kudeatzeko aukera izatea. Bien artean hitzarmena sinatu ondotik, Zaindu Leitzaldearen esku gelditu zen jangela komunitarioaren kudeaketa. Dena prest zegoen, beraz, sukaldea irailetik aurrera herritik kudeatu ahal izateko.
Barneko lanak egin ondotik, ikasturte hasieran piztu zituzten sukaldeko suak. Hasieratik finkatu zituzten helburuak: «Jangela irekia eta herritarra izatea, elikadura osasuntsua eta duina eskaintzea, kalitatezko zaintza eta elkarlana lehenestea eta elkar zaintzeko gunea izatea».
«66 erabiltzaile daude eskolan. Okilletik lauzpabost erabiltzaile etortzen dira eta haur eskolatik 35»
Lehenbiziko urtea izanik, «probak egin eta pixkanaka hobetzen joatea» da asmoa. Gaur-gaurkoz, ehun erabiltzaile ingururentzat prestatzen dute otordua: «66 erabiltzaile daude eskolan. Okilletik lauzpabost erabiltzaile etortzen dira eta haur eskolatik 35». Ikasturtea martxan izanda ere, oraindik izena emateko aukera badagoela argitu dute.
Orain arteko lorpenen artean dago erabiltzaile kopuruaren igoera, baina hori bezain garrantzitsua da beraientzat, «erabiltzaileekiko gertutasuna, kalitatea eta zerbitzuaren hobekuntza eta langileak mantendu eta berriak kontratatu ahal izatea».
Gustura daude proiektuak herrian izan duen harrerarekin: «Herritarren erantzuna ona izan da, langileak eta boluntarioak inplikatu dira. Zorionak eta eskerrak eman nahi dizkiegu proiektu zoragarri eta eredugarri hau martxan jartzen lagundu duten pertsona eta erabiltzaile guztiei». Hala, ostiraleko aurkezpenak, ospakizun kutsua ere izan zuen: «lan taldearentzat eta baita ere Maria Pilarrentzat, ilusioaren haria eten gabe jangelako agurra egin genion eta Egoitzi ongietorria».
Proiektua «denen artean hobetzen eta aberasten» joatea da orain asmoa. Jangelaren kudeaketa beraien esku badute ere, Nafarroako Gobernuarekin egindako hitzarmenean badira bete beharreko baldintza zehatz batzuk, «horiek batzuetan zertxobait oztopatzen dituzte gure asmoak». Norabidea argi dute, ordea, eta bertako hornitzaileak izateko «apustua» egin dute: «Ekoalde eta Gumendi kooperatibekin lan egiten dugu. Hauek Nafarroako proiektuei ematen diete lehentasuna». Tokiko sareak ere sendotu nahi izan dituzte eta hala, «haragia Arzallus harategian erosten da, Lezaeta eta Atez ate ogia eta Beteluko eta Azkarateko jogurtak eta orain hasiko gara Beteluko arrandegiarekin lanean».
Etorkizunera begira, «xahuketaren inguruko lanketa bat» egiteko asmoa dutela aurreratu dute. Ez da, ordea, esku artean duten hobekuntza bakarra: «proiektu pedagogiko bat landu nahi dugu jangelako langileekin eta eskolarekin batera». Ideiak eta proposamenak ere jaso nahi dituzte: «proiektua irekia delako, herri osoaren proiektua».