[ARGAZKIAK] Xalto eskolako ikasleek 1.840 euro lortu dituzte bularreko minbiziaren ikerketa bultzatzeko

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 10a

Xalto eskolako hirugarren zikloko ikasleek Minbiziaren Egun Solidarioa antolatu zuten otsailaren 7an eta goizuetarrek emandako erantzunarekin, «eskertuta eta hunkituta» daudela adierazi dute. 2zi elkarteari emanen diote bildutako dirua.

Minbiziaren inguruko lanketa egiten ari dira Xalto eskolako LH 5. eta 6. mailetako ikasleak. Teoriatik praktikara pasa, eta ikasgaia eskolatik herrira zabaldu nahi izan dute. Minbiziaren ikerketa bultzatzeko dirua biltzeko erronka jarri zioten beraien buruari eta horretarako, Minbiziaren Egun Solidarioa antolatu zuten otsailaren 7an. Pozik daude lortutako emaitzarekin: «Larunbatekoa izugarria izan zen, oso oso berezia eta hunkigarria. 1840 euro biltzea lortu dugu». Aste honetan jarriko dute lortutako dirua  2ZI Elkartearen eskuetan.

Landu duten proiektua «oso aberatsa» izan dela azaldu dute. Ez dira gutxi izan egin dituzten ekintzak: «Minbiziaz eta zelulez ikasteaz gain, minbizia pasa dutenen testigantzak entzun ditugu, gurasoen eta aiton-amonen laguntzarekin zapi koloretsuen manta solidarioa josi dugu, erizainaren esperientziak eta azalpenak entzun ditugu, lepokoak eta giltzatakoak egin ditugu, eskulanak egiten dituzten emakumeen ekarpenak jaso ditugu, boletoak saldu ditugu, testuak sortu, azoka solidarioa antolatu eta antzezlana egin».

Nahiz eta 3. ziklokoen ekimena izan, eskola guztiak parte hartu duela azaldu dute:«bakoitzak bere produktuak sortu ditu azokan salgai paratzeko». Irakasleek ikasleen inplikazioa azpimarratu dute: «Ikasleak burubelarri aritu dira lanean hilabete honen bueltan. Beraien interesetatik abiatutako proiektua izan da eta ederki borobildu zuten egun solidarioa. Jende mordoxka hurbildu zen azokara eta antzerkira».

Ikasleez gain,  guraso eta herritarrengandik jaso duten babesa, laguntza eta solidaritatea ere azpimarratu nahi izan dituzte: «Hauek gabe ekintza hau aurrera eramatea ezinezkoa izanen baitzen. Gure eskerrik beroenak lagundu diguzuen herritar guztioi eta minbiziaren ikerketaren aldeko ekarpenak egiteagatik. Porrotx pailazoari bere aipamen bereziarengatik eta eskola guztiari jasotako laguntzarengatik».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun