Berrogei bat lagun ibili ziren puska biltzen eta tertulia gozoan, 16:00ak aldera arte ez ziren herrira ailegatu. 18:30etan zahagi dantza zirikatzailea egin zuten gazteek eta eolikoen kezkak berriz ukitu zuen parodiaren gidoia. Lehengo urtean aurrean hartuta bidali bazuten Eolikoen eragilea, aurten arazoari bestelako bukaera eman zieten zomorroek.
Gauean afaltzen berrogeita hamar lagun inguru bildu ziren eta bertso zahar eta berriak adituz, gustura jarraitu zuten bertaratutakoek Auskalo zeñek jarriyak emanaldia. Kanturik ere ez zen falta izan goizaldean etxera joan nahi ez zutenentzat eta eguna ederki borobildu zuten Kamioren akordeoi doinuek girotuta. Zomorroek eskerrak eman nahi izan dizkiete «etxeetan zomorroak jaso zituzten guztiei, eta lanean aritutako herritar guztiei!».