Minbiziaren egun solidarioa antolatu dute Goizuetan otsailaren 7an

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 5a

Xalto eskolako LH 5. eta 6. mailetako ikasleak azokarako eskulanak prestatzen. (Argazkia: Igaratza Apezetxea)

Xalto eskolako LH 5. eta 6. mailetako ikasleek antolatu dute eta lortutako dirua 2zi elkarteari emanen diete.

Goizuetako eskolako ikasleak proiektuka lan egiten hasi dira eta bigarren hiruhilekorako minbiziaren inguruko lanketa egitea erabaki dute. Hainbat herritarrek iaz egin zuten bideoak eman die horretarako bidea:  minbizia izan duten edo duten herritarrak ageri ziren, 2zi Elkarteak Leitzan antolatutako elkartasun egunean parte hartzera dei eginez.

Ikusitakoak ikasteko nahia eta egin eta eragitekoa ere piztu die ikasleei. Beraien alea jarri nahi izan dute minbiziaren ikerketa bultzatzeko eta otsailaren 7an minbiziaren egun solidarioa antolatu dute. Lortutako dirua 2zi Elkartearentzat izanen da. 

Otsailaren 7an, 11:00etan hasiko da azoka solidarioa eta herritar guztiei egin diete bertara joateko gonbidapena. Giltzatakoak, artelanak, postreak... jarriko dituzte salgai eta manta solidario bat ere egin dute koloretako zapiak josiz. Xomorro lapurra antzezlana ere prestatu dute ikasleek eta eguerdiko hamabietan eskainiko dute. 

Saski bat ere zozketatuko dute eta dagoeneko hasi dira txartelak saltzen. Zozketa, 12:30ean eginen dute eskolako jantokian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun