Inauteak 2026

Zomorroak prest dira Aranon inauteri giroa zabaltzeko

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 5a

Zomorroak baserriz baserri ibiliko dira eskean.

Otsailaren 7an, larunbatean, ospatuko dituzte Aranoko inauteriak. Goizean puxka biltzearekin hasi eta goizaldeko ordu txikiak arte luzatuko da festa.

Jantzi zuriak soinean, txapela gorriak buruan eta koloretako zintak zintzilik dituztela, festa giroan ibiliko dira beste urte batez Aranoko zomorroak. Otsailaren 7an ospatuko dituzte inauteriak eta dena prest dute herrian inauteri giroa zabaltzeko.

Goizean puxka biltzea eginen dute Surotik abiatuta. Beltsoko Bordan 08:00etan egina dute hitzordua eta hortik, auzoz auzo eta baserriz baserri, itzulia osatuko dute Izer eta Alabierrekin. Hogei urte baino gehiago dira trikitilari gipuzkoarrak zomorroen bidelagun direla eta aurtengoan ere ez dute hutsik eginen. 

Eguerdian herriko elkartean bazkaria izanen dute zomorroek eta arratsaldean, 17:30 aldera,  Zahagi dantza dantzatuko dute. Eguna bukatzeko, elkartean herri afaria antolatu dute, Auskalo zeinek jarriak emanaldiak girotuta. Goizean zomorro atera eta bazkarira joan nahi duenak herriko whatsapp taldean eman beharko du izena asteazkenerako. Bide beretik, afarirako ere izena eman beharko da. Bi zerrendak otsailaren 4an itxiko dira. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun