Zerbitzuak eta azpiegiturak hobetzeko apustua egin du Aresoko Udalak

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 30a

Ostiralero Aresotik Leitzarako joan etorria egiteko udal taxi zerbitzua mantenduko dute.

449.487 euroko aurrekontua onartu du udalak eta taberna-dendaren proiektuari bultzada ematea dute helburu

Aresoko kudeaketa batzordeak udal aurrekontuak onartu ditu eta esku artean dituzten proiektuen berri eman du. Urtetan herriko aurrekontuetan eragin nabarmena izan duen mailegua ordaintzeaz bukatuta, inbertsioetarako bidea ireki da. Hala, 449.487 euroko aurrekontua onartu dute eta zerbitzuak eta azpiegiturak hobetzeko apustua egingo dute.

2025ean bezalaxe, taberna-dendaren proiektua izango da udal taldearen inbertsio nagusia. Aipatu behar da Nafarroako Gobernuak, EH Bilduren bitartez, 10.000 euroko dirulaguntza eman duela proiektuaren idazketarako. 

Herriko bide eta eraikinetan konponketak egiteko ere hainbat inbertsio egingo dituzte: garbilekua, hilerria, plazarako sarbide egokitua, garbiketa lanak...

Desfibriladorea ere erosi du udalak eta horrekin lotuta, lehen sorospenetako eta desfibriladorea erabiltzeko ikastaroak eskainiko dituzte.

Eskoletxean sarbide elektronikoa ere jarriko dute eta horrek herriko liburutegia eta erabilera anitzeko gela herritarrek erabili ahal izatea erraztuko du.

Ostiraleroko taxi zerbitzua ere mantenduko dute. Orain arte bezala, 09:30ean Aresoko Plaza Zaharretik aterako da Leitzarako taxia. Bueltako taxia 11:30ean izango dute esperoan Leitzako Herri Aretoko geltokian. Bidaia euro baten truke egiteko aukera izango dute erabiltzaileek. 

Udaletxeko eraikineko egokitzapen lanak aurrera doazen heinean, hasi dira taberna eta dendaren diseinua erabakitzen eta herri kooperatibaren osaketan pausoak ematen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun