Inauteak 2026

Urtarriletik otsailerako saltoa, inauteri giroan egiteko aukera izanen dute Areson

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 28a

Aresoko inauterietako 2017ko argazkia.

Koloretako zapiak eta globoak prestatzen hasiak izango dira dagoeneko aresoarrak; inauterietarako atzerako kontaketa hasi da. Urtarrilaren 30ean, ostiralean, hasiko da festa eta otsailaren 1ean bukatu.  

Urtero bezala, Nazabal eskolako ikasleak izango dira inauteri giroa herrian zabaltzeaz arduratuko direnak. Kalejira egingo dute 12:30 aldera eta plazan bukatuko dute, aurtengorako prestatu duten emanaldia eskainiz.  Euriarekin, eskolako trinketean egingo dute emanaldia. Arratsaldean, 17:30 aldera, Lagunarteko gazteek herriko eskea egingo dute eta, gero, Pake Toki elkartean afalduko dute. 

Urtarrilaren 31, larunbata, izango da inauterietako egun handia eta herritar guztiei egin nahi diete festarako gonbidapena. Gazteak, 10:00etan elkartu eta Pake Toki elkartean gosalduko dute baserrietako erronda egin aurretik. Arratsaldean, 18:00 aldera, herrira jaitsiko dira eta beste herritarrekin batera, kalejira egingo dute. Ondoren, sagardoa eta pintxoak eskainiko dituzte Pake Toki elkartean. Bukatzeko, 21:30ean, herri afaria izango da Pake Toki elkartean. Lagunartekoek aipatu dute ehun bat txartel saldu dituztela afarirako. Afalondoan bingoa antolatu dute eta mozorro lehiaketa. Girotzeko bertsolariak ere etorriko dira eta goizaldera arte festa izango da DJarekin. 

Otsailaren 1ean, igandean, segida izango du festak. Eguerdian, 12:30ean, ardoa eta txakolina eta pintxoak jarriko dituzte salgai. Ondoren, herri bazkaria egingo dute Pake Toki elkartean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun