'Mamuak ezagutzera joan zen umea' antzezlana ikusteko aukera asteazkenean Leitzan

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 26a

Anodino Teatroa konpainiako kideek taularatuko dute emanaldia.

Ihaute ondorena goxatzeko, antzerki emanaldia antolatu du Denok Bat Guraso elkarteak. Leitzako Herri Aretoan ilbeltzaren 28an, 17:00etan hasiko da antzezlana. 

Mamuak ezagutzera joan zen umea ikuskizunak, txotxongiloak, zuzeneko musika eta antzerkia biltzen ditu.  Anodino Teatroa konpainiako kideek «ausartentzako abentura» taularatuko dute: «Egun gogorra suertatu da Malda eta Zorrotzek lan egiten duten almazenean: aurkitu beharreko erlikia galdu bat, konpontzeko dagoen musika-tresna eta, hori gutxi ez balitz, istripu baten ondorioz objektu guztiek bizia hartu dute ustekabeak sorraraziz… eta bakoitzaren mamuak esnatuz».

Sarrerak emanaldia hasi baino ordu erdi lehenago jarriko dituzte salgai. Prezio orokorra zazpi eurokoa izanen da eta guraso elkarteko kideek bost euro ordaindu beharko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun