Inauteak 2026

[ARGAZKIAK] Leitzako ihauteetako asteburuak emandakoak iruditan

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 26a

Larunbatean, 150 lagun inguruk parte hartu zuten herriko eskean eta igandean, haur, gazte eta helduek bat egin zuten festarekin kale nagusia kolorez betez.

Ihauteetako argazkiak ikusita, bistakoa da pestarako gogoz zirela leitzarrak. Larunbatean, eguerdi partean hasi zen nabaritzen giro berezia herrian. Horren adibidea da,  Jon Txorromorrok eta Manu Leundak tronpeta, gitarra eta astoa lagun eman zuten ustekabekoa kontzertua. Aurrerako eskelarien bazkarian ere azken urtetako jende kopururik handiena bildu zen; 140 lagunek parte hartu zuten eta giro ederrean ibili ziren herriko eskean.

Igande eguerdian, kale nagusia izan zen ihaute zaleen topagune. Aurtengoan ere, irudimenik ez zaiela falta erakutsi zuten leitzarrek. Ez ton 11ko kideek azken kontzertua eskaini zuten eta Laboa, Lertxundi, Etxart, Iriondo... aritu ziren kantuan. Txinatarrak ere etorri ziren bisitan eta herensuge bakarrarekin aski eta ez bigarren bat ere agertu zen. Ile apaindegian egin zuen hitzordua kuadrilla batek eta tenisean jokatzen aritu zen beste bat. Denboran atzera egin eta duela hamarkada batzuetako jantziak eta ibilgailuak ikusteko aukera ere izan zen, baita hippyen aldarriak entzutekoa ere. Horiekin batera, Moeren herriko taberna, Aketzak krujienteak,  hondamendi nuklearra... 

Ezbeharra

Festa giroan zebiltzala, ezbeharra ere izan zen. Bi gazte zauritu ziren karroza baten sabaitik erorita. Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez, istripua 15:35ean gertatu da, Patxi Arrazola kalean. Bi gazteak hiru metroko altueratik erori dira eta kolpe handia hartu dute. Leitzako mediku taldea, anbulantzia medikalizatu bat, anbulantzia arrunta bat eta foruzainak bertaratu dira, eta bi zaurituak Iruñeko ospitalera eraman dituzte. Pronostiko erreserbatua dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun