[GUTUNA]: Iran, erasoaren zain

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 25a

Iran inguruan «giroa gaiztotua» dagoela ikusita, hausnarketa hau partekatu du Joan Mari Beloki Kortexarenak. Bere hitzetan, «jende gehien-gehiena estatuarekin dago» eta «manifestariek argi utzi nahi izan dute AEBk eta mendebalde politikoak izan nahi duten nagusitasunaren aurka daudela». Gehiago ere bai: «Iran gerrarako prest dago» eta «hau ez da estatubatuarrek irabaz dezaketen gerra bat».

Maiz entzun dugu mendebalde politikoan Iran kolapsatzeko zorian dagoela. Baina bai 12 egunetako gerran, eta bai urtarril honen lehen egunetan ikusi dugunak ez du bat egiten baieztapen horrekin. Estatuak herritarren babesa du eta irandar gehienek Konstituzioarekin bat egiten dute.

Azken istiluen jatorria monetaren bat-bateko jaitsierarekin lotua dago. Bat-bateko erorketa izan zen eta atzerritik kudeatua. Beste era batera esanda, AEBk eta mendebaldeko beren aliatuek Iranekin dibisen aldaketa maneiatzen duten lekuak presionatu zituzten. Egun batzuetan zailtasun handiak izan ziren eta, ondorioz, protestak gertatu ziren Teheranen eta beste hiri batzuetan. Ez ziren oso handiak izan, baina milaka batzuk bai mobilizatu ziren. Erantzun hauek baketsuak izan ziren. Gehienbat denda zuten merkatariak ziren, dendak itxi egin beharko ote zituzten kezkatuta. Ez zen atxiloturik edota zauriturik izan. Ez zen deus gertatu eta poliziak ez zuen esku hartu.

«Egun batzuetan zailtasun handiak izan ziren, eta ondorioz, protestak gertatu ziren. Eratsun baketsuak izan ziren. Bigarren egunean protestek jarraitu zuten. Bat-batean pertsona talde ttikiak agertu ziren, manifestazioetan infiltratu ziren. Oso istilu bortitzak eragiten hasi ziren»

Bigarren egunean protestek jarraitu egin zuten, gutxi gorabehera jende kopuru berarekin. Bat-batean pertsona talde txikiak agertu ziren, oso ongi antolatuak, eta manifestazioetan infiltratu ziren. Oso istilu bortitzak eragiten hasi ziren eta ehun polizia baino gehiago hil zituzten. Horietako batzuei lepoa moztu zieten, bizirik erre zituzten edo aurpegia eta burua txikitu zizkieten. Klinika batean zegoen erizain gazte bat bizirik erre zuten, eraikinari su emanda. Jende arrunt asko hil zuten kaleetan, 2 urteko neskato bat barne. Zauritu asko arma tiroz eragindakoa izan zen.

Pertsona horiek eraikinak erre zituzten, autobus publikoak eta suhiltzaileen kamioiak erre zituzten, anbulantzia asko suntsitu zituzten… Hiruzpalau egunetan herrialde osoan eragin zituzten kalteak izugarriak izan ziren. Mendebalde politikoan manifestariak baketsuak zirela esan dute, jendeak zabaldu dituen grabazio guztiei muzin eginez. Baina astelehenean, herrialde osoan, terrorista horien aurkako eta Irango Errepublika Islamikoa eta Konstituzioa babesteko manifestazioak egin zituzten. Protesta horiek herrialde osoan egin zituzten, eta ikaragarri handiak izan ziren. Mendebaldeko hedabideek egia ezkutatzen duten arren, milioika pertsona atera da kalera herrialde osoan Irango estatus politikoa babestera.

«Mendebaldeko hedabideek egia ezkutatzen duten arren, milioika pertsona atera da kalera herrialde osoan Irango estatus politikoa babestera»

Manifestariek argi utzi nahi izan dute AEBk eta mendebalde politikoak izan nahi duten nagusitasunaren aurka daudela. Atzerritarren injerentzia oso garbi dago, Mike Pompeo AEBko Estatu Idazkari ohiak, baita Mossadek ere hala aitortu baitute publikoki. CIA, Mossad eta MI6ak koordinatu dituzte terroristak. Hauen artean talde desberdinetakoak zeuden: ISISekoak, muyahidinak, monarkikoak, Komala kurdukoak... Horiek guztiek hartu zuten parte jendea hiltzen eta klinikak, bankuak, auto eta etxe partikularrak suntsitzen.

Aski izan zen Internet erortzea den-dena erabat gelditzeko. Atzerriko beren finantzatzaileekin koordinatu ezinik gelditu baitziren. Terrorista horiek sare handia zuten Iranen zehar eta oso aktiboa zen. Atxilotuetako askok armak zituzten. Manifestazioen barrutik poliziaren eta zibilen aurka tiro egiten zuten, 2014an Maidanen egin zuten moduan. Ahalik eta heriotza gehien eragitea zen kontua.

Gertakizun guztiek Iranen ezegonkortasuna sortzeko zeuden prestatuta, ondotik herrialdearen aurkako erasoa legitimatzeko. CIA, Mossad eta MI6 gerrarako justifikazioa sortu nahian aritu dira. Baina Iran gerrarako prest dago. Jende gehien-gehiena estatuarekin dago, 12 eguneko gerran bezala. Azken egunetan Iran indartu egin da, herritarrak haserrearazi egin baitituzte, hainbeste heriotza, min eta txikizio eraginez.

Gerra abiarazten badute, «benetan gertatuko dena da Iranek estatubatuarren kontra eginen duela, hain indartsu, ezen ekonomia globala eroraraziko baitu, eta horrekin batera AEBko ekonomia», dio Seyed Marandi Teherango Unibertsitateko irakasleak.

Iranen gaitasunak estatubatuarren aurka daude zuzenduta. Azken hiru hamarkadatan aukera guztiak mahai gainean daudela esaten aritu baitira. Hori dela medio, Iran hiru hamarkadatan zehar AEBekin gerrarako prestatzen aritu da. Iranek base militar ugari dauka lurpean eta inguruan dagoen edozein helburu suntsitu dezake. Ekainean, Iranek AEBen funtsezko instalazioak suntsitu zituen Dohan, basera iritsi ziren sei misilekin. Hurrengoan, irandarrak indar guztiarekin inplikatuko dira.

«Hau ez da estatubatuarrek irabaz dezaketen gerra bat. Ez dute inolako aukerarik».

Gerra bada, Iranek Iraken dituen aliatuek estatubatuarrak kanporatuko dituzte eta Iranen aldekoak Azerbaijanen ez dira geldirik geldituko. Gauza bera Yemenen. Hau ez da estatubatuarrek irabaz dezaketen gerra bat. Ez dute inolako aukerarik. AEBko sionistek Israel lehenesten dute. Ez zaizkie axola AEBen interesak. Gerra nahi dute, Israelgo erregimenaren interesekoa delako. Ez zaizkie axola ondorioak, ezta Europa, AEBk eta mundu osoa suntsituko balitz ere.

OHARRA: Iranen duela aste pare bat izan ziren gertakizunen inguruko bideoak.

https://x.com/i/status/2012169840090361993

https://x.com/i/status/2012253202608017876

https://blogak.eus/euskal-herritik/2026ko-urtarrilak-8-9-iranen

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun