«Ekuadorren bizi duten egoera zein den ikusarazi behar da»

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 17a

Hogeita lau urte daramatza Leitzan Blanca Cecilia Ruizek. (Eneritz Iraola)

Kitxua da Blanca Cecilia RUIZ YACELGA, eta hamazazpi urterekin, sorterria utzi eta Ekuadorko Otavalo hiritik Leitzara etorri zen. Kitxua herriaren izaera aldarrikatu eta Ekuadorko Gobernuaren azken neurriak salatu ditu: «Desagerrarazi nahi gaituzte, baina ez gaude amore emateko prest».

Hamazazpi urte baino ez zituen Blanca Cecilia Ruiz Yacelgak Ekuadorko Otavalo hiritik Leitzara etorri zenean. Lana bilatu eta etxekoei laguntzea zen asmoa. Hogeita lau urte pasa dira geroztik eta hamaika buelta eman ditu bizitzak. Ekuadorrera itzultzearekin egiten du amets, baina Ekuadorko Gobernuak hartu dituen azken neurriek eta indigenen kontra erakutsitako jarrerak kezka eragiten diote. Sorterritik bederatzi mila kilometrotara, kitxua herriaren izaera azpimarratu beharra ikusi du: «desagerrarazi nahi gaituzte. Gure nortasunaren, hizkuntzaren, bizitzeko moduaren kontra ari dira, baina indigenok kalera ateraz erantzun dugu eta mobilizazioek erakutsi dute ez gaudela amore emateko prest». 

Bere bizimodua azaltzeko eskatutakoan «lana» da gehien aipatu duen hitza. Ez da esne-mamitan bizi: «haurra nintzenetik lana besterik ez dut egin. Orain Leitzako etxe batean interna nago. Astelehenetik larunbatera zaintzaile lanetan aritzen naiz 24 orduz eta asteburuetan ostatu batean sukaldean lagundu eta eskulanak egin eta saltzera ere ateratzen naiz. Denetarik egiten dut nolabait biziraun eta nire familiaren egoerak hobera egin dezan».

Hamazazpi urte zituen Blanca Cecilia Ruizek Leitzara etorri zenean. (E. Iraola)

Leitzan darama bizitzaren erdia baino gehiago, baina Ekuadorren duen familia du beti gogoan: «Hiru seme-alaba ditut, Leitzan jaioak dira, baina duela bost urte senarrarengandik banandu nintzen eta nire soldatarekin ezin nituen mantendu. Lana egin eta dirua lortu nahi banuen, ezin nituen beraiek behar zuten bezala zaindu. Horregatik, nire amarengana, Ekuadorrera bidali behar izan nituen». Erabaki «oso gogorra» izan zela dio, «baina beraiei bizimodu eta etorkizun duin bat eskaintzeko modu bakarra» hori zela ikusi zuen. Argi dio: «Hemengo soldatarekin familiari laguntzeko aukera daukat. Etxebizitza bat dute, alaba unibertsitatera doa... sakrifizio handia da, baina beraien onerako izanen dela sinistuta lortzen dut aurrera egitea». 

Noboak hartutako neurriak 

Azken urteetan, ordea, kezka eragin diote bere sorterritik jasotako berriek: «2023ko azaroan Daniel Noboak presidente kargua hartu zuenetik egoerak nabarmen egin du okerrera». Hauteskunde garaian egindako promesak «haizeak eraman» dituela salatu du: «Aurreko presidenteek ustelkeria salaketa larrien ondorioz utzi  zuten kargua eta Ekuador berri bat eraikiko zuela hitzeman zuen Noboak. Egindako promesen artean, herritarren aldeko politikak bultzatuko zituela esan zuen». Hilabete gutxian ikusi zen kontrako bidea hartu zuela: «hartu dituen erabakiek argi erakusten dute bere helburua bere poltsikoa eta ingurukoena betetzea dela; pobreenak behin eta berriz kolpatuz». 

Hainbat datu jarri ditu Ruizek mahai gainean: «Segurtasuna indartu behar dela esanda, BEZa %12tik %15ra igo zuen, baina 2025a Ekuadorko historian hilketa eta delitu gehien izan den urtea izan da». Osasungintzara bideratutako aurrekontua ere murriztu du: «horren ondorioz, hainbat ospitaletan egoera muturrekoa da; parazetamola bezalako oinarri-oinarrizko botikak ez edukitzeraino». Hezkuntzara bideratutako aurrekontua ere murriztu du, «dena pribatizatzea da bere asmoa». Argindar etenaldiak ere izan dituztela azaldu du: «14 ordura arteko itzalaldiak izan dituzte, 10 hilabete eta 18 egunez. Horrek, ekoizpenean eragin zuzena izan du eta pobrezia areagotu da». Boterea bere mesedetan erabili duela ere salatu du: «Noboa Ekuadorko gizonik aberatsenaren semea da, hainbat kontratu irregular egin ditu gobernuan dagoenetik eta, deigarria da, 90 milioi inguruko zorra barkatu diola bere familia buru den enpresa-taldeari». 

Egoerak gainezka 

2025eko irailaren 12an hartu zuen Ekuadorko presidenteak egoerak gainezka egitea eragin duen neurria: «126. dekretua onartu zuen, dieselaren subsidioa kenduz. Horren ondorioz, galoia 1,79 dolarretan saltzetik, 2,80 dolarretan saltzera pasa zen». Horrek, herritarren eguneroko bizitzan eragin zuzena du: «elikagaien prezioan, garraioan... eragina du neurriak. Aberatsek ez dute nabarituko, baina hilabete bukaerara iristeko nahikoa lan izaten dutenentzat kolpe latza da». Irailaren 13an lehenbiziko mobilizazioak eta protestak hasi ziren: «Gobernuak soka estutu eta egunetik egunera gehiago itotzen bagaitu, ez da harritzekoa kalera protestan ateratzea».

«Dieselaren subsidioa kentzea kolpe gogorra izan da»

Greba orokorra

Irailaren 18an greba orokor mugagabea deitu zuen Ekuadorko Nazionalitate Indigenen Konfederazioak eta urriaren 22ra arte iraun zuten mobilizazioek: «Greba deialdiak erantzun zabala izan zuen indigenen eta nekazarien artean. Imbaburako probintzian izan zuen eragin handiena greba deialdiak, batez ere, Otavalon eta Cotacachin». 

 

Salbuespen egoera deklaratu zuen Ekuadorko Gobernuak eta militarrak bidali protestak geldiaraztera. (Indymedia)

Gobernuaren erantzuna

Gobernuaren erantzuna berehalakoa izan zen: «militarrak bidali zituen mobilizazioetan parte hartzen ari ziren herritarrei indarrez aurre egitera». Jasandako errepresioa «bortitza» izan zela dio: «Gure komunitatean militarrak sartu diren lehenbiziko aldia izan da. Bortxaz sartu ziren etxeetan, giza eskubideak urratu zituzten... eta irailaren 24an Otavaloko hamabi indigena atxilotuta eraman zituzten terrorismoa egotzita». Ekintza horiekin Ekuadorko Konstituzioko 57. artikulua ez zela errespetatu nabarmendu du Ruizek: «Indigenak beraien lurren jabeak direla aitortzen du Konstituzioak eta militarrek eta poliziek ezin dute eremu horietan sartu, aldez aurretik baimenik eskatu gabe». 

«Greba orokorra egin dute hogeita hamaika egunez»

Hogeita hamaika egun greban

Hogeita hamaika egun horietan, tantaka iristen zitzaion informazioa Ruizi: «inkomunikatuta egon ziren hainbat momentutan». Tentsioa erabatekoa zen: «nire ama mobilizazioetako batean parte hartzen ari zenean, negarra eragiteko bonbak botatzen hasi ziren. Azpian nor egon zitekeen bi aldiz pentsatu gabe: adinekoak, haurrak... Ezagun batzuen etxean ezkutatu behar izan zuen amak eta orduak eman genituen bere berri izan gabe. Sirena hotsak, beldurra, atxilotuak... izugarria izan zen». 

Gertatzen ari zenaren jarraipena Leitzatik egitea ez zen erraza izan: «Kalean ez zuten Internetik eta zentsuraren eraginez pare bat irratik baino ez zuten gertatzen ari zenaren berri ematen».

«Poliziak eta militarrek giza eskubideak urratu dituzte»

Ondorioak

Militarren eta poliziaren erasoen ondorioak latzak izan zirela azaldu du Ruizek: «Gutxienez hiru hildako izan dira protestetan, ia 500 zauritu eta horietako asko larri daude eta ez dute ebakuntza ordaintzeko dirurik». Gobernuaren kontrako oposizio oro isilarazteko neurriak hartu dituztela ere salatu du: «buruzagi politiko eta indigenen kontu korronteak blokeatu dituzte, 200 atxilotu baino gehiago izan dira, asko kartzelan daude epaiketaren esperoan eta zenbaiti terrorismo delituak egotzi dizkiete». 

Gobernuaren bertsioa

Gobernuak emandako bertsioa  «oso bestelakoa» izan dela ikusi dute, «biktima papera hartu du. Zorionez, gertatutakoa erakusten duten ehunka grabazio daude». Indigenen kontrako irain arrazistak ere hainbatetan erabili ditu Noboak: «terroristak, alferrak, zorritsuak garela, narkotrafikoarekin loturak ditugula... denetarik entzun behar izan dugu». Indigenen kontrako eraso larriak dira horiek eta onartu du min ematen dietela: «bizitza osoan lana besterik ez dugu egin. Ekuadorko gure familiek bizi baldintza duinak lortu baldin badituzte, askok atzerrian gogor lan egin izan dugulako izan da. Gure izen ona ezin da horrela zikindu». Gaineratu du: «Zerbait baldin bagara, langileak gara. Mindalay hitza erabiltzen dugu gure herrian eta horrek ekoizleak garela esan nahi du, ekoiztu eta saltzera ateratzen garela mundura». Ehungintza, artisautza... dira beraien ekonomiaren euskarririk garrantzitsuenak: «garai berrietara egokitzen jakin dugu, baina beti gure sormen lanari dagokion balioa emanez».

Arrazismoa

Hainbat eraso arrazista ere jasan behar izan dituzte: «Sinesgaitza da iraganekoak ziruditen diskurtso arrazistak, berriz ere, indarra hartzen ari direla ikustea». Sinesgaitza, bezain kezkagarria: «gobernuak berak jokaera arrazistak ditu eta horrek zilegitasuna eman die besteei ere halaxe jokatzeko». Atzerapauso larria da Ruizen esanetan: «haurra nintzela sufritu behar izan nituen erasoak, ez nuke nire seme-alabek sufritzea nahi». Herria zatitzea lortu dutela uste du: «Tristea da gizartean zatiketa hori indartzen ari dela ikustea. Ekuadorkoak gara denok, askok ezaugarri fisiko berdinak ditugu, baina abizen edo jatorri desberdinak ditugulako baztertzen gaituzte». 

Indigenen artean ere, badira gobernuaren alde egin dutenak: «Bere burua saldu dute 20 dolarren truke. Beste batzuei hainbat promesa egin dizkiete: traktoreak, elikagaiak erosteko bonuak, zerriak, garraiorako bonuak... eta gogorra da hori jakitea». 

Ekuadorko egoera zein den ikusteak piztu dio kitxua dela aldarrikatzeko beharra. (E. Iraola)

Komunitatearen indarra 

Txalogarria da, bere ustez, indigenek erakutsi duten indarra: «beti esan izan dute indigenok indartsuak garela, ez dugula amore ematen eta behin eta berriz ari gara hori erakusten». Azpimarratu nahi izan du desabantaila-egoeran egon arren, ez dutela amore eman: «aurrera egiteko, elkarlana, komunitate izaera... ezinbestekoa izan da. Auzolanera ohituak gaude eta duguna partekatzera». Bestelako bideak ere landu dituzte: «abokatuak daude, medikuak... indigenek ere badituzte ikasketak. Badakite zertaz hitz egiten duten, badakite nola defendatu. Urtetan, ezjakinak, basatiak edo arloteak garela esan izan digute, baina hori ez da horrela. Hitzekin eta legeekin gurea dena defendatzen ikasi dugu».

Bozgorailu lana

Etsipenez ikusi du nazioarteko prentsak ez duela Ekuadorren azken hilabeteetan bizi izan duten egoeraren berri eman: «hor ikusten da noraino iristen den boterea». Atzerrian bizi diren ekuadortarrei egokitu zaie bozgorailu lana egitea: «horixe da gure herriaren alde hemendik egin dezakeguna. Gertatu dena ikusarazi eta salatu eta beste herrialdeen babesa lortu». Azaro hondarrean parte hartu zuten Nafarroako Parlamentuko lansaio batean eta emandako aukera eskertu dute: «Nazioarteko babesa eta aitortza lortzea garrantzitsua da guretzat». 

«Ekuadorko biztanleriaren %8 inguru da indigena»

Indigenen aurka

Ekuadorko biztanleriaren %8 inguru da indigena: «gutxiengoa garela diote batzuk, baina miloi bat biztanle baino gehiago gara indigenak». Herrialde anitza da: hamalau nazionalitate eta hemezortzi herri indigenek osatzen dugu Ekuador». Noboak guztiak desagerrarazi nahi dituela salatu du: «gure kultura eta hizkuntza desagerrarazi, hezkuntza elebidunerako eskubidea kendu, gure autonomia bertan behera utzi... eta gureak diren lurrak nahi bezala erabili nahi ditu». 

Horrek guztiak borrokarako grina piztu dio Ruizi: «indigena naiz, baina orain arte ez dut hori hain ozen aldarrikatu beharra sentitu. Orain bai, ezin dugu geldirik egon. Isilarazi eta baztertu nahi gaituzte, gure nortasuna, ohiturak, kultura... deuseztatu nahi dituzte, baina ez dute lortuko». 

Ekuadorko Konstituzioak hainbat artikulutan aitortzen ditu indigenen eskubideak eta horiek aldatzeko ahaleginetan ari direla ikusi dute: «Konstituzioa aldatu nahi du. Erabateko inpunitatea izatea da bere helburua herrialdearekin nahi duena egin ahal izateko».

Herri galdeketa

Azaroaren 16an herri galdeketa egin zuten Ekuadorren. Lehenbiziko galderak konstituzioa aldatzeko aukera jarri zuen mahai gainean: «Botoa eman zutenen %61ak ezezkoa erantzun zuen».

Atzerriko base militarrak herrialdean jartzearen alde ote zeuden ere galdetu zitzaien boto emaileei: «Ekuadorko Konstituzioak ez du atzerriko base militarrak herrialdean jartzeko aukerarik ematen». Arriskua, ordea, badago: «Zurrumurruek diote Trumpekin Galapagoetan base militar estatubatuarrak jartzea negoziatzen ari dela. Galdera horren aurrean ere, ezezkoa irten zen garaile». Batzarkideen kopurua gutxitzea eta alderdi politikoei ematen zaizkien dirulaguntzak murriztea proposatzen zuten beste bi galderek «eta aldaketa horiek ere ez zituzten babestu». 

2023an hartu zuen presidente kargua Daniel Noboak eta 2025eko apirilean, berriz ere, irabazi zituen hauteskundeak: «Herri galdeketan jasotako emaitza porrot handia izan da». Hala ere, ez du emaitzen gaineko baloraziorik egin: «Emaitzak jakindakoan, 'Ekuadorren alde lanean segiko zuela' esanez, txio bat argitaratu eta ez zuen besterik esan». Hori ikusita, «ez dago jakiterik zeintzuk izanen diren gobernuak emanen dituen hurrengo pausoak».

Ziurgabetasuna

Urtarrilaren 3an Ameriketako Estatu Batuek Venezuelan egindako erasoak ere, «ziurgabetasuna areagotu» duela uste du: «Estatu Batuekiko menpekotasun handia du Ekuadorrek, pentsa, bertako txanpona ere dolarra da. Galdera asko daude, baina erantzun argirik ez».

Leitzan bizi den kitxua komunitateko kide batzuk. Denera, 80-100 kitxua bizi dira Leitzan.

 
Kitxua hizkuntza 

Hizkuntzari buruz galdetuta, esaldi batean laburbildu du Ruizek hainbatetan barrenean izan duen sentipena: «batzuetan ez dakigu garen horri balioa ematen». Hala bizi du berak: «kitxua da nire herriko hizkuntza, baina askok ez dugu hitz egiten lotsagatik. Nik neronek ere ez nuen Leitzara etorri arte hitz egiten. Ezkutuan izan dugu, alde batera utzita». Leitzan, ordea, izan du ikasi eta hitz egiteko aukera: «Ekuadortik Leitzara bizitzera etorritakoak asko gara, 80-100 lagun inguru gara. Beraiek kitxua hitz egiten zutela ikusten nuen eta zirikatu egiten zidaten. Horixe izan zen behar nuen akuilua, nik ere hitz egiten hasteko beharra sumatzeko. Geroz eta errazago eta arinago hitz egiteko gai naiz». 

«Kitxua komunitate txiki bat eraiki dugu Leitzan»

Otavaloko kitxua komunitatea 

Datu deigarria eman du Ruizek: «Leitzan bizi garen ekuadortar jatorriko herritar guztiak eskualde berekoak gara, Imbaburakoak. Ez hori bakarrik, pare bat kenduta, denak Otavalokoak gara». Komunitate horren parte izateak, bere nortasuna, kultura, hizkuntza, ohiturak... «are gehiago maitatzea» ahalbidetu du. Herrimina goxatzeko aukera ere eman dio talde baten parte sentitzeak: «Atzerrian bizi zarenean, etxekoen falta sumatzen duzunean... berezia da zure egoera berean daudenekin elkartu ahal izatea. Esan daiteke gure modura kitxua komunitate txiki bat eraiki dugula Leitzan».

Zaintzaile lanetan

Hamazazpi urte zituen Ruizek Leitzara bizitzera etorri zenean eta zaintzaile lanetan aritu da beti: «Hogei lau urte daramatzat zaintzaile lanetan eta gustuko dut nire lana». Profesionalki garatzeko aukera ere izan du: «Leitzako Mimukai zentroak zaintzaileei zuzendutako ikastaro batzuk eman zituzten iaz. Oso interesgarria eta baliagarria izan zen. Inork ez zidan orain arte deus erakutsi eta nire lanean hobetzeko eta ikasteko aukera bikaina izan zen».

«Egunen batean nire sorterrira itzuli nahiko nuke»

Ametsa

Hilabete hondarrean du Otavalora familiakoei bisitan joateko asmoa, «gogotsu nago beraiekin elkartzeko». Hala ere, oraingoan, joaneko txartelarekin batera, itzulerako txartela ere erosi beharra izan du: «Leitzara lanera bueltatu beharko dut». Aitortu du egunen batean, bere sorterrian bizi ahal izatea dela bere ametsa: «Bizitza erdia baino gehiago daramat Leitzan, baina ederra litzateke horretarako aukera izatea». Itzuli nahi du baina ez edozein modutara: «Hemen hainbeste urtez bizi ondoren, badakit zer den bidezkoa, zer den legezkoa; bizi baldintza duinak izatea zer den. Denok betebehar eta eskubide berdinak izatea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun