Goizuetako ospitalea birgaitzeko beste 300.000 euroko dirulaguntza eskuratu du udalak

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 13a

Nafarroako Gobernuko eta Goizuetako Udaleko ordezkariak.

Nafarroako Gobernuko 2026ko aurrekontuetan sartu dute dirulaguntza EH Bilduren eskariz.

Goizuetako ospitaleko eraikinean alokairuko sei etxebizitza egiteko proiektuak beste dirulaguntza bat lortu du. Nafarroako Gobernuak 2025eko aurrekontuetan jasoa zuen proiektua finantzatzeko 300.000 euroko partida, eta abenduaren 18an behin behinean onartu zituzten 2026ko aurrekontuetan, 300.000 euroko beste diru partida bat dago aurreikusia. 2025ean bezala, EH Bilduk negoziatu du dirulaguntza.  

Lehenbiziko fasea dagoeneko martxan dago. Eraikina hustu eta egur laminatuzko egitura berri bat eginen dute, gaur egungo kanpoko paretak mantenduz, eta ondoren, teilatu berria jarriko dute. Fase hori 2026ko apirilean bukatzea aurreikusi dute. Bigarren fasearen lizitazioa ireki berri du Goizuetako Udalak. Fase horretan, sei etxebizitzak eta trastelekuak  eginen dira eta udal erabilerarako lokal bat ere bai. 2026ko maiatzean hasi eta abenduan bukatzea espero dute. Eraikina birgaitzeko lanek 1,3 milioi euro inguruko aurrekontua dute eta birgaitze babestuaren behin-behineko kalifikazioa lortuta, 360.000 euroko dirulaguntza ere eskuratu du udalak. Hala, 340.000 euroko inbertsioa egin beharko du udalak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun