[OLERKIA] Neguaren atarian

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 3a

Argazkia: Begoña Zabaleta Zabaleta

Hitzak eta irudiak josi ditu oraingoan Begoña Zabaleta Zabaletak eta Neguaren atarian izenburupean idatzitako poemak eta berak ateratako argazkiak partekatu nahi izan ditu.

NEGUAREN ATARIAN

Kristalean apal lurruna
zirrikituak bi begi
lanbro, laino, ilun gauean
behatzak busti ditut
mihise hotz ureztatuan
zure argiaren bila

Oihartzunak iradoki haizeari
urrunera eramandakoen jakin-gosez
haizeak hots pareta lizunean
zaharkitutako zurak ametsik ez
armiarmak brodatu du
bere zetazko amarauna

Egur hezeak sua motel
suaren galdak itzala
hotzikaraz norbait
orpoetatik gora dardarka
nire bakardadea izanen da
nire bakardadearen itzala

Musu-muinka eguna eta argia,
amoros,
ilunak saihestu ez ditzan
inork ez du leku-denbora galdu nahi
ekitateak arrasto zuzena oraindik 
neguko solstizioan

Gauak eskua eman zion egunari
eta ilunak oinak eskaini zizkion argiari
bere orbel bidean pausatu zedin

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun