'Non dago Mikel?' dokumentala ikusteko aukera izanen dute urtarrilaren 3an Leitzan

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 31

'Neguan Atekan hotzik ez' zikloaren barrenean antolatu dute hitzordua.

Mikel Zabalzaren heriotzaren 40. urteurrenaren harira egin duten dokumentala ikusteko aukera izanen da larunbatean Atekabeltzen, 18:00etatik aurrera.  

1985ean Mikel Zabalzari gertatutakoa kontatzen du dokumentalak. Guardia Zibilak ETAko militante batekin nahasi eta atxilotu zuen, eta desagertuta eman zituen hogei egun. Desagerpenaren aurrean, erantzun bila jo zuen gizarteak, askotariko bertsioak baitzeuden gertatutakoaren inguruan. Bertsio ofizialaren arabera, bere buruaz beste egin zuen gazteak, Guardia Zibilari zulo baten berri ematera zihoala.

Bidasoa ibaian agertu zen Mikelen hilotza, eta gertaera hark izugarrizko anabasa sortu zuen euskal gizartean: protesta ugari eragin zituen. Gizartean, baina, beste bertsio bat nabarmendu zen: torturen ondorioz hil zutela. Harekin batera atxilotutako lekukoek berretsi egin zuten bertsio hori, poltsa edo bainuontzia aplikatuta hil zutela; baina inoiz ez zuten inor epaitu. Zabalza hil zutenetik hiru hamarkadatik gora igaro arren, haren familiak eta gertukoek egia jakin nahian segitzen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun