Orantzaroa ospatzeko dena prest dute Leitzan

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 23a

Orantzaro, Maimur eta gaueko pertsonaiek hartuko dute plaza iluntzean.

Etxe atariak apaintzeko deia egin dute eta abenduaren 24an, goizean kantuan atera eta iluntzean, Orantzaro, Maimur eta gaueko pertsonaien etorrera ospatuko dute.

Orantzaroari lotutako hainbat erritu dituzte Leitzan eta horietako bat da Orantzaroekin etxe atari edo balkoiak apaintzea. Leihotik zintzilik dagoen amona xaharra, dotore jantzitako alkatea edo sorgin itxuran kalabaza batekin osatutakoa... guztiak dira Orantzaroak. Horixe da, hain zuzen ere, usadio zahar honen bereizgarria: urtero egiten dutela panpina berri bat, bakoitzak nahierara osatua. Aurrera Elkarteak eta festa batzordeak ohitura bizirik mantentzeko eskatu diete aurten ere herritarrei eta azken urteetan bezala, Orantzaroa jartzen dutenen artean saski bat zozketatuko dute. Zozketan parte hartu nahi dutenek Karrape Irratian eman beharko dute izena abenduaren 24a baino lehen.
Abenduaren 24an, kanturik ere ez faltako. Eskolatik plazara, kalejira eginen dute 11:30etik aurrera. Txondorra ere jarriko dute plazan eta haurrek eskutitzak bertara botatzeko aukera izanen dute. 
Iluntzean, herriko plazan Orantzaro, Maimur eta gaueko pertsonaien etorrera izanen da 18:30etik aurrera. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun