Mandoegira igoz borobilduko dute urtea Arainburu mendi taldeko kideek

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 30a

2022an Mandoegiko gailurrean.

Abenduaren 31n,  goizeko zortzi eta erdietan aterako dira Goizuetako plazatik eta joandako bide beretik itzulita, bost ordu inguruko ibilbidea osatuko dute. Urteari bukaera emateko brindisa eginen dute tontorrean.

Ez da nolanahiko urtea izan Arainburu mendi taldekoentzat. Argi diote beraiek ere, «2025a Trabuko Bidearen urtea izan da». Mimoz prestatu zuten lau etapetan banatutako ibilbide berezia eta erantzuna ere halakoa izan zen. Datuak dira horren erakusle: «otsailaren 22an 50 lagunek egin genuen Goizueta eta Leitza arteko ibilbidea. Bigarren etapa, Leitza eta Ihaben artekoa, martxoaren 15ean izan zen eta 70 lagun elkartu ginen. Hirugarren etapa, martxoaren 29an izan zen, Ihaben eta Oteitza artekoa, eta 80 lagunek osatu genuen. Azken etapa, Oteitza eta Iruñea arteakoa, apirilaren 26an egin genuen, 70 lagunek». Berezia izan zen bizi izan zutena eta horren erakusle garbia da, hasiera batean pentsatua zuten Trabuko Bideari etapa bat gehitu eta Goizueta eta Berdabio arteko bosgarren ibilbide bat ere egin izana. Arainburu mendi taldekoek esker hitzak baino ez dituzte: «Trabuko Bidean parte hartu zutenei eskerrak eman nahi dizkiegu, esperientzia oso berezia izan. Eta zer esanik ez Jose Jabier Etxeberria eta Miel Joxe Lekuonari, izugarri eskertuta gaude beraiekin eta plazer handia izan da burutazio huts ziren horiek, pausoz pauso egin ahal izatea eta bidean hainbeste gozatzea».

Trabuko Bideaz gain, beste hiru irteera ere egin dituzte: Aralarrera, Aizkorrira eta Ibalara. Abenduaren 31n Mandoegiko kaskoan topa eginez bukatuko dituzte aurtengo lanak. Urtarrilean atseden hartu eta otsailean eginen dute 2026ko lehenbiziko irteera. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun