Abenduaren 19an, 18:00etan ireki zituzten Leitzako Herri Aretoko ateak. Sartu orduko Leitzako hitzekin serigrafiatutako edalontzi bana eman zieten parte hartzaile bakoitzari opari, barruan zenbakidun kartoi bat eta egurrezko txotxa luze bat zituela. Kristina Urrutiak egin zituen aurkezle lanak. Pantailan ikusitakoaren arabera, txotxarekin aukera egokian zuloa egin behar zuten.
Denek aldi berean jokatu zuten partida eta hiru lehiakidek, 30 galderetatik 28 erantzun zuzen eman zituzten: Arantxa Azpirozek, Arantxa Agirrek eta Sagrario Lasartek. Haien artean finala jokatu ondotik, Arantxa Azpiroz izan zen garaile, eta Txokosferako gozoki-sorta ederra eraman zuen etxera; beste biek, berriz, Leitzako pestetako zapi bana.

Denbora tarte ederra igaro zuten bertaratu zirenek, eta Leitzako euskarari buruz gehixeago ikasita atera ziren. Tximutxe euskara taldea pozik geratu da bertaratutakoen parte hartzeagatik, eta eskerrak eman nahi dizkiete lehiaketa hori posible izan zedin hitzak biltzeko ahalegina egin zuten guztiei. Bide batez, lehiaketako parte hartzaileen artean banatu zituzten edalontziak Maimurren salgai jarri dituztela jakinarazi dute, euro baten truke.