Aresoko taberna-dendari buruzko herri batzarra izanen dute bihar arratsaldean

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 22a

2024ko maiatzean egin zuten taberna-dendari buruzko batzarrean jende asko bildu zen.

Herritarrei proiektua zertan den azaltzea da asmoa eta udaletxeko batzar aretoan elkartuko dira 18:30ean.

Urtea bukatu aurretik, taberna-dendaren proiektua zertan den herritarrei azaltzeko batzarra egitea erabaki dute. Abenduaren 23an, 18:30ean, egin dute hitzordua udaletxeko batzar aretoan. Bertan, hainbat gai landuko dituzte. Hasteko,  talde eragileko kideek beste herrietako proiektuak ezagutzeko egin dituzten bisitetan bildutakoa azalduko dute. Bakaikuko denda eta Jauntsaratsen dituzten denda eta ostatua bisitatu dituzte. Diru iturriak lortzea da proiektuak duen erronka nagusienetako bat eta horretarako Nafarroako Parlamentuko ordezkariekin bildu dira udal taldekoak. Geroa Bai, Contigo-Zurekin eta EH Bilduko ordezkariekin egon dira eta bilera horietan hitz egindakoari buruzko azalpenak emango dituzte. Udal arkitektoak taberna eta dendaren planoak ere prest ditu eta horiek ikusteko aukera ere izango dute batzarrera joango diren herritarrek. Bukatzeko, batzarraren helburua eman beharreko pausoak finkatu eta datak zehazten joatea ere badela aurreratu dute. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun