Leitzako hitzekin jolas egiteko aukera abenduaren 19an

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 17a

Tximutxe euskara taldekoek antolatu dute lehiaketa eta herritarrek proposatutako hitzak erabili dituzte.

Jakin nahi? lehiaketa antolatu du Txumitxe euskara taldeak.  Herritarrek Leitzako hitzen inguruan zenbat dakiten erakutsi beharko dute. 

Euskararen Nazioarteko Egunaren bueltan, proposamen berezia egin zuten iaz Txumitxe euskara taldeko kideek: Leitzako hitz eta esamolde kuttunen zerrenda osatzea. Herritarrei beraien gustuko hitz, esapide eta leku izenak idazteko eskatu zieten eta sorta ederra bildu zuten: Aztarrike, tormobea, dinbuluke, konpaziora...  Hitzek kutxa batean gordeta gutxirako balio dutenez, horiekin jolas egiteko proposamena egin dute orain. Jakin nahi? lehiaketa antolatu dute abenduaren 19an. Herritarrek Leitzako hitzen inguruan zenbat dakiten erakutsi beharko dute. Leitzako Herri Aretoan izanen da lehiaketa 18:00etik aurrera. Hamar urtetik gorako edonork parte hartu dezake, dohainik da eta ez da aldez aurretik izena eman behar.

Denentzat saria

Balikebale lehiaketaren antzik ez du izanen aurtengoak, ez baita inor oholtzara igoko. Lehiaketako parte hartzaile guztiek, herri aretoko eserlekuan lasai jarrita, momentu berean jokatuko dute partida. Proiektorean emanen dute galdera eta erantzun zuzena sarreran banatuko dituzten txarteltxoetan idatzi beharko dute. Erantzun zuzen gehien asmatzen dituenak irabaziko du lehiaketa. Dena den, antolatzaileek aurreratu dute lehiaketako parte hartzaile guztiek hitzordurako bereziki egindako opari bana jasoko dutela. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun