«Finalean bizi izandakoak amets guztiak gainditu ditu»

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 21a

Xabat Illarregi Marzol, Nafarroako bertsolari txapelduna. Argazkiak: Josu Santesteban, NBE

Xabat ILLARREGI MARZOL, Nafarroako bertsolari txapelduna.

Azaroaren 29an jokatu zuten Iruñeko Nafarroa Arenan Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala. Laugarren finala zuen leitzarrak eta txapela eskuratu zuen.

Historian lehenbiziko aldiz, buruz burukoa bukatu aurretik jakin zen txapeldunaren abizena; baita txapelak Leitzarako bidea eginen zuela ere. Joanes eta Xabat Illarregi Marzolek jokatu zuten buruz burukoa eta sei puntu eta erdiko aldearekin, Xabatek lortu zuen garaipena. Hasierako zurrunbiloa zertxobait baretuta, Ttipi-Ttapak egindako galderak erantzun ditu Nafarroako bertsolari txapeldunak.

Zorionak Xabat. Zer moduz doa txapelketaren ondorena?

Orain lasaixeago nago, baina lehenbiziko hiru egunak oso mugituak izan ziren. Batera eta bestera ibili beharra, hainbeste elkarrizketa… txapelak berekin dakar hori guztia eta nekagarria izan da. Kalean jendeari ere merezi duen erantzuna eman nahi diozu… eta kontuan izan behar da txapelketak berez sortzen duen nekea. Baina, batez ere, pozik nago eta hemendik aurrera disfrutatzen saiatuko naiz. 

Finala ikusi eta aztertzeko aukera izan duzu?

Bai eta, egia da, barrutik sentitu nuena eta gerora ikusitakoa diferentea izan dela. Barrutik lan asko egitea tokatu zitzaidan, ofizio eta bertso bakoitza borrokatzea eta hori horrela denean, batzuetan, ez duzu emaitzarekin gehiegi disfrutatzen. Saioa entzun ondotik, pozik nago egindakoarekin, final nahiko orekatua atera zitzaidan. Orokorrean, aitzakiarik gabeko finala izan zela uste dut eta plazak merezi zuen saioa eskaini genuela.

Eroso ikusten zitzaizun oholtzan.

Ez zen bereziki arratsalde motza izan. Ez nuen sufritu, baina neure buruarekin borrokan aritu behar izan nuen arratsalde guztian zehar, neretik eman ahal izateko. 

Nola bizi izan duzu txapelketa?

Hiru urteko ziklo baten hasiera bezala hartzen nuen aurtengo txapelketa. Hau da, hurrengo urtean Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia dago eta bi urte barru, berriz ere, Nafarroakoa. Hiru urte segidan borrokatzea tokatuko zaigu. Horregatik, beste pauso bat eman nahi nuen,  beste aurpegi bat erakutsi eta horrek, nahigabe ere, neure buruari tentsioa eta presioa gehitu dio. Hala ere, uste dut nahiko ongi gestionatzen asmatu dudala. 

24 urterekin jantzi duzu Nafarroako txapela.

Gaztea naiz, baina ez da ibilbide baten hasiera-hasiera ere. Nafarroako laugarren txapelketa zen, Euskal Herrikoan ere kantatu nuen. Urte asko daramatzat bertsotan, baina ez dut ikusten ibilbide baten bukaerako sari bezala ere. Lanean segitzeko indarra ematen dit honek eta aurrera begira uste dut urte asko gelditzen zaizkidala bertsotan.

«Txapelketa aldakorra dela ikusi da eta ona da hori»

 
Esan izan duzu bertsolaritza afizioa dela zuretzat. 

Egunerokotasunean lantzen dudan zerbait da, baina ez profesionalki edo helburu konkretu bat lortzeko. Txapelketa ez da bertsolaritzatik erakartzen nauen bakarra, bertsolaritza orokorrean gustatzen zait. Nire bizimoduaren parte da, gustatzen zaidalako. Bertsozaleak izan gara betidanik etxean eta umetatik aritu gara bertsotan. Helduen bertso eskolan hasi ginenean, hamahiru bat urterekin, bertso eskolan lagunak egin genituen eta lagun horiekin elkartzen segitzen dut bertsotan aritzeko. Plaza beste modu batera ikusteko aukera ematen dizu horrek, gozatzeko eta ongi pasatzeko aukera eta bertsotan gozatzen ari bazara, erraz antzematen du entzuleak.

Finaleko lehenbiziko eta azken ariketa, Joanesekin hasi eta buka.

Ederra izan zen. Finaleko gauzarik politena hori izan zela uste dut, benetan. Aste guztian esaten genuen, ea lehenbiziko ofizioa elkarrekin tokatzen zaigun. Tokatu zitzaigula ikusi genuenean, esan genuen: arratsaldea behintzat ongi hasi da. Ikusten genuen buruz burukoa elkarrekin kantatu genezakeela, Saioari ere aukerak ikusten genizkion. Hori izan zen lehertu zen momentua eta betirako geldituko zaidana.  Bizitzan behin bizi nahi nuen zerbait zen eta espero dut azkena ez izatea. 

Zenbatetan amestu duzu horrekin?

Beti imajinatzen duzu, baina ez duzu sinisten guztiz pasa daitekeenik. Beldur horretatik, badaezpada ez dut gehiegi imajinatuko eta… bazen noizbait biok pentsatu genuen zerbait. Bertso eskolan ere esaten ziguten, ea aurten den… ez dizut gezurrik esanen. Pixka bat imajinatzen ere joan ginen. Eta nik uste imajinatzen duzun hori gertatzea errazagoa dela, imajinatzen ez duzuna baino. Eta mila modutara imajinatuta ere, oraindik eta ederragoa da gertatzen denean. Plaza lehertu zen, gu lehertu ginen eta inoiz amestutakoa gainditu zuen. 

Finaleko zein ariketa nabarmenduko zenuke?

Zaila zait bat aukeratzea. Bi partetan banatuko nuke saioa. Buruz burukoaren aurretik, sueltoena sentitu nintzena bakarkakoa izan zen. Doinuarekin apustua egitea erabaki nuen. Ausartu nintzen nire burua estutzera, eta uste dut nahiko ongi atera zitzaidala. Eta buruz burukoa orokorrean hartuko nuke eta hor nik uste sueltoago aritu nintzela eta emaitza  polita izan zela.

Santuen paperean aritu zineten, puntuka.

Ez zen gairik errazena, ez zelako gai oso erreala. Puntuka elkarrekin asko aritu izan gara, konplizitate hori badugu eta uste dut hortik atera genuela lana aurrera eta polita izan zela publikoarentzat.

'Harrera gozoa egin dizute' izan zen ganbarako gaia. Argi izan zenuen nondik heldu gaiari?

Aukera asko etorri zitzaizkidan burura. Badakizu buruz burukoa puntu gorena dela final batean eta azkeneko bakarkakoa zen. Ez nuen edozein gai hartu nahi ere. Presoena etorri zitzaidan, adineko bat zahar etxera sartzen dena… ume baten paperetik hartzea bururatu zitzaidan eta duda egin nuen horrekin aurrera egin edo ez. Ez delako gai erraza, hori bizi duen pertsona batek, ez duelako hain sinpleki bizi egoera, baina uste dut pozetik jarritako gai bat zela. Irudia etorri zitzaidan segituan, nola hartu dezaketen beste ikaskideek urtebete ospitalean pasa duen ikaskide bat. Gustura gelditu nintzen emaitzarekin.

«Euskara erdigunean jarri eta alarma hori piztu nahi nuen»

Agurrean, euskara jarri zenuen erdigunean.  

Gogoa neukan gai hori erdigunera ekartzeko, baina ez edozein modura, alarma pizte hori garrantzitsua iruditzen zitzaidan. Argi uztea, ez badugu ezer egiten, herri hau ez dela guk nahi duguna izanen. Mezua ez da oso positiboa, ez dugulako oso egoera ona bizi, baina uste dut behar dugula horrelako hausnarketa batzuk erdigunera ekartzea eta zer pentsa eman badu, askoz hobe!

Oholtzan aldaketa ikusi zen. 

Egia da aurpegi berriak zeudela finalean eta hori beti dela positiboa. Ez nintzela ni gazteena, aurreko hiru finaletan bezala. Buruz buruko berria zela. Bazeudela zantzu batzuk, arnas bat ekar dezaketenak, beste ikuspegi bat eman dezaketenak edo indartze bat ekar dezaketenak. Horrek ez du esan nahi dena aldatzen denik. Horrek ez du esan nahi batzuk gutxietsi behar direnik edo besteak gehiegi puztu. Uste dut ematen duela irudi positibo bat aldakorra delako txapelketa eta uste dut hori ona dela, ez dagoelako eredu edo erreferente bakar bat. Orain Eki eta Ekhiñe finalean sartu dira eta horiek ere, gazteentzat badira erakarpen bat.

Zer diote bertso eskolako zure ikasleek?

Asko poztu dira. Finala ikusten egon ziren batzuk eta horrek asko pozten nau, guk ere umetan horrela bizi izan genuelako bertsolaritza. Gure inguruko jendea horrelako egoeratan ikusiz, gure eredu ziren horiek miresten genituen eta horrek lotu gintuen hasiera batean bertsolaritzara. Hurbilean genituen erreferente horiek eta nik uste dut horretarako balio baldin badu ederra dela. Hiru leitzar ginen finalean eta hori ere ederra da herri honentzat, erakusten duelako azken urteetan bertso eskolan egin den lana ona dela.

Euskal Herrikoa duzu orain jomugan?

Lehenbizi pixka bat deskantsatuko dut, baina segituan etorriko da Euskal Herrikoa. Nire burua hor kokatzen hasi beharko dut: zer eskaini diezaiodan txapelketari edo zer bilatu nahi dudan txapelketan ikusi... Gogotsu nago, ilusioz. Ez diot presio gehiegirik sartu nahi neure buruari. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun