Etxebizitza

«Bezeroari entzun eta irtenbiderik onena ematea da gure nahia»

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 13a

Arkaitz Nieto Caballero.

Arkaitz NIETO CABALLERO-Ulizar iturgintza

Hamabost bat urterekin hasi zen iturgintza lanetan Arkaitz Nieto Caballero aresoarra: «Osaba Jose Fermin iturgina nuen eta berarekin lanean hasi eta hemen segitzen dut ia hogeita hamar urte beranduago».

Ongi gogoan ditu hasierako urteak: «hodi galbanizatuekin lan egiten zen garaia ezagutu nuen. Erroskak ateratzen ibili behar izaten genuen eta oso lan gogorra zela akordatzen naiz, izugarrizko indarkak egin behar izaten ziren». Hortik, kobrea erabiltzera pasa eta urte gutxian gauzak asko aldatu zirela aipatu du: «Soldatuz, askoz errazago eta gusturago aritzen nintzen. Gero, hamar bat urtera, polimero erretikulatuekin hasi ginen lanean, soldatu beharrean prentsatzen eta horrek asko erraztu du lana».

Aldaketa horiek guztiek ezinbestean egokitzea ekarri dute: «Izugarrizko abiada hartu du lanak eta egunero bada zerbait berria ikasteko. Buruhauste gehiago, telefono dei gehiago...». Zenbaitetan, agendan zehaztutakoa betetzen ere lanak izaten ditu: «Iturginaren lanaren parte da ezustekoei erantzutea. Aste guztirako lana antolatzen dugu, baina beti izaten dira sorpresak. Norbait ur bero gabe gelditu dela, ur ihesen bat egon dela... eta ezin duzu deia erantzun gabe utzi». Argi du Nietok: «azkar eta ongi erantzuten baduzu, lanik ez zaizu falta».

Zerbitzu osoa

Iturginak izan arren, zerbitzu osoa da eskaintzen dutena: «Guk etxe baten barruan egiten den guztia ukitzen dugu: iturgin lanaz gain, batzuetan igeltsero eta elektrizista lanak egitea ere egokitzen zaigu. Ur  ihesa bilatzeko zulatu egin behar denean edo balbulen arteko konexioa egin behar denean…». Komunak osorik berritzen dituztela ere azaldu du: «Iturgin lana egiteaz gain, altzariak, manparak eta komunerako osagarriak ere baditugu eta bezeroari asko errazten dio horrek aukeraketa egitea».

Berokuntza arloan ere ez zaie lanik falta eta azken urteetan eman den aldaketa nabarmendu du: «Su kalefaktoreekin lanean aspaldi hasi nintzen eta  lan nahiko konplexuak dira horiek. Ongi etorri zait oinarri hori izatea, aerotermiak, zoru irradiatzaileak… jartzeko. Gaur egun zoru irradiatzaileak eta aerotermia dira obra berrietan gehien jartzen direnak, baina bestelako berogailuak eta gasa ere asko jartzen da oraindik».

Urtetako esperientziak eman dio aholkulari izateko bidea eta esaldi bakar batean definitu du bere lanaren oinarria: «bezeroari entzun eta irtenbiderik onena ematea da gure nahia». Horretarako, faktore asko izan behar dira kontuan: «Bezeroak zein berokuntza sistema duen, zenbat gastatzeko gai den, eraikina nola dagoen, isolamendua… hori guztia kontuan izan eta bezero bakoitzaren beharretara egokitzen den proiektua diseinatzen dugu». Ongi egindako lanak izaten du saria: «Pasa izan zaigu norbaitek esatea, galdara aldatu nahi dut eta mahai gainean aukera guztiak jarri eta gure aholkuak kontuan izanda, beste berokuntza sistema bat jartzea. Handik denbora batera egindako aukerarekin asmatu duela esanez etortzea pozgarria da oso».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun