«Gure esku dago etorkizunean Euskararen Egunean zer ospatu izatea»

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 7a

Ane Miren Barandarain Sorabilla.

Ane Miren Barandarain aresoarrak TTIPI-TTAPAk egindako 11 galderak erantzun ditu.

Aurkeztu zeure burua.

Areson bizi den 29 urteko neska alaia, mugitua eta exijentea naiz, neure buruarekin eta besteekin kar, kar, kar.

Zein afizio dituzu?

Mendira joatea, josten aritzea, kultura ekitaldietan parte hartzea eta nire afizio eta ofizio den lanbidea, irakaskuntza.

Zer da zure lanbidetik gehien gustatzen zaizuna? 

Maite dut egiten dudan lana. Egunero aukera berri bat daukat hazten eta ikasten segitzeko, jendea ezagutzeko eta txikiek ematen duten maitasunaz gozatzeko. 

Nork ematen dute lan gehiago haurrek edo gurasoek? 

Bietako bat aukeratu beharko banu gurasoek esango nuke... baina orain arte zorte handia izan dut eta familia eta haur zoragarriak ezagutu ditut. Beti lortu izan dugu giro goxoa eta gertukoa izatea. 

Bigarren afizio/ofizio bat ere baduzu orain…

Duela pare bat urte josteko makina oparitu zidaten eta oihalak erosi eta probaketak egiten hasi nintzen. Ekainean,  azoketan postua jartzera animatu nintzen. Nire burua testuinguru berri batean jarri eta esperientzia probatzeko gogoa nuen. Horren aitzakian, Euskal Herriko txokoak ezagutzen ari naiz, artisau jendea.. esperientzia aberasgarria da. 

Mendira ere maiz joaten zara. Aresoko gustuko mendi buelta?

Etxetik atera eta Merkura igo, handik Ulizarrera joan, gero Gorritiko ehiztarien txabolatik Matxaingo ur saltora jaitsi eta handik etxera buelta. 

Astebururako planik hoberena? 

Lasai gosaldu eta egun pasa polit bat maite dudan jendearekin. 

Euskararen Eguna ospatu duzue Areson. 

 zaroaren 30ean antzezlan bat izan genuen eta abenduaren 3an egun osoko festa. Gure esku dago etorkizunean zer ospatu izatea.

Zein da euskararen egoera Areson? 

Herri euskalduna da eta euskaraz hazi eta bizi gara. Herritar gehienen ama hizkuntza euskara da. Orokorrean, euskararen erabileran hutsuneak ikusten ditut gizartean, baina herrian etorkizuna baduela esan edo pentsatu nahi dut. 

Zerekin egiten duzu amets? 

Elkarlanean, errespetuan, enpatian, berdintasunean eta maitasunean eraikitako mundu batekin egiten dut amets. 

Zerk kentzen dizu loa? 

Mundua zein egoeratan dagoen ikusteak eta dauden gaixotasunek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun