Euskararen aldeko murala margotzeko asmoa zuten goizean haurrek eta gaztetxoek Unai Ruiz Galartza beratarraren laguntzarekin. Eguraldi txarraren eraginez bertan behera utzi behar izan zuten ekintza. Azkenean, laguntzailerik gabe, mural ederra margotu zuen Ruizek eskolako atzeko aldean. Tarte horretan, haurrak eta gaztetxoak mahai jolasetan aritu ziren Pake Toki elkartean. Zaporeak elkartearen aldeko azoka ere egin zuten goizean eta iluntzean eskolako Lehen Hezkuntzako bigarren eta hirugarren mailako ikasleek.
50 lagunetik gora bildu ziren bazkarian eta bazkalondoan, Argitxoren postontzian jasotako euskararen aldeko mezuak irakurri eta horma irudi batean jarri zituzten. Bingo musikatuan giro ederra izan zuten eta eguna bukatzeko, trikitilariak eta pintxoak izan zituzten.