'Orantzaroa, ilunbetik argitara' liburua aurkeztuko dute ostiralean Leitzan

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 2a

Altzadi Leitzako Kultur Elkarteak osatu du liburua.

Kornieta elkartean, 18:00etan, eginen dute liburua aurkezteko ipuin kontaketa eta gero txokolatea banatuko dute.

Abenduaren 5ean, ostiralean, aurkeztuko du Altzadi Leitzako Kultur Elkarteak Orantzaroa, ilunbetik argitara liburua. Urteak daramatzate ALKEkoek Leitzako ondarea zaindu eta biziberritzeko lanean eta proiektu honekin belaunaldien arteko transmisioa bermatu nahi izan dute. Adinekoen testigantzei forma eman, haurrentzako egokitu eta hitzak eta marrazkiak josiz, negutik udaberrira arteko bidea egin dute.  

Euskaraz argitaratu dute ipuina, baina herriko kultur aniztasuna kontuan izan eta QR eta esteka baten bidez, ipuina Leitzako ama hizkuntza ezberdinetara itzuli dute: kitxuara, urdura, arabierara, errumanierara, gaztelerara, frantsesera, ingelesera edota zeinu hizkuntzara. 

Liburua salgai ere jarri dute Maimur eta Astiz liburu dendetan, hamabi euroren truke eta Durango azokan Nabarralderen postuan ere eskuragarri egonen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun