Zortzi bertsolari aritu ziren kantuan larunbatean: Ekhiñe Zapiain Arlegi beratarra, Eki Mateorena Zozaia leitzarra, Julio Soto Ezkurdia, Saioa Alkaiza Guallar, Joanes Illarregi Marzol, Xabat Illarregi Marzol, Eneko Lazkoz Martinez eta Sarai Robles Vitas.
Saioa aurkezten berriz, Ainhoa Larretxea Agirre beratarra eta Ander Aranburu Arriola aritu ziren, eta epaile lanetan Amaia Telletxea Larretxea aranztarra, Cesar Etxeberria Saez, Jon Diaz de Mendibil, Joseba Beltza Bengoetxea, Mikel Beaumont Arizaleta, Nerea Bruño Artazkoz eta Patxi Barberena Urroz. Idazkari lanetan Ainhoa Goñi Castañares eta Nerea Goñi Begiristain aritu ziren.
Maila handiko saioa
17:00ak puntuan hasi zen saioa, eta hasieratik maila onean aritu ziren zortzi bertsolariak. Bertso gosez ziren entzuleak eta erruz txalotu zuten bertsolarien lana. Lehen fasea bukatuta, Xabat eta Joanes Illarregik lotu zuten buruz burukoa jokatzeko txartela, eta orduan lehertu zen plaza.
Bizi-bizi jokatu zuten buruz burukoa, eta azkenean sei puntu eta erdiko aldearekin Xabatentzat izan zen txapela.
Horrela gelditu zen sailkapena:
- Xabat Illarregi Marzol: 1205
- Joanes Illarregi Marzol: 1198,5
- Saioa Alkaiza Guallar: 732
- Julio Soto Ezkurdia: 724,5
- Eneko Lazkoz Martinez: 709
- Sarai Robles Vitas: 695,5
- Ekhiñe Zapiain Arlegi: 666
- Eki Mateorena Zozaia: 637
Zortzi bertsolariek lortu zuten Bertsolari Txapelketa Nagusian kantatzeko txartela.
Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartearen eskutik hartu zuen txapela Xabat Illarregik, eta bi urtez bera izanen da txapelduna. Hemen txapeldunaren agurra:
Familiari eta lagunei,
hau zuen buruan dago,
bertso ikasleei besarkada bat,
segi bertsotan luzaro.
Eta, Joanes, izango dira
halako egun gehiago,
ta alderantziz tokatuko da,
hortaz oso ziur nago.
Baina herria eta hizkuntza
ez bihurtzeko bi bando,
esna gaitezen eta mugitu
gure mingain, gure zango.
Lo hartu ezkero lur honek ez du
hizkuntzarik eramango.
ta hizkuntzarik ez duen herri
bat ez da herri izango.