Arnasetik bideosormen lehiaketaren laugarren edizioari bukaera borobila eman zioten atzo Leitzako Herri Aretoan ospatutako sari banaketarekin. Aretoan 200 pertsona baino gehiago, gehienak 10 eta 16 urte arteko gazteak, elkartu ziren.
Maria Blanco eta Malen Altunak gidatu zuten ekitaldia eta UEMA, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Leitzako Udalaren ordezkariek guztira bost sari banatu zituzten. Kategoria bakoitzean, epaimahaiak hautatutako lanik onenak, 500 euroko saria jaso zuen (guztira hiru). Horrez gain, balio bereko publikoaren saria ere banatu zuten, bozketa bidez hautatua. Leitzako Udalak, gainera, herriko lan bat ere saritu nahi izan zuen oroigarri batekin.
Kategoria bakoitzeko bideo onenaren sariei dagokienez, LH 5-6 kategorian, David Anaut UEMAko zuzendaritza batzordeko kidearen eskutik, Ikaztegietako Herri Eskolako ikasleek jaso zuten saria Atzo eta Gaur Baliarrain-Ikaztegieta bideoagatik.
DBH 1-2 kategorian, Javi Arakama, Nafarroako Gobernuaren Euskarabidea, Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailearen eskutik, Mutriku BHI-ko ikasleek jaso zuten saria Mutriku Arnasetik bideoagatik.
DBH 3-4 kategorian, Aitor Aldasoro, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordearen eskutik, Amazabal BHI ikastetxeko ikasleek jaso zuten saria Leitza Herrimina lanagatik.
Publikoak bozka bidez hautatutako bideo onenaren saria, berriz, Berriatua Herri Eskolako ikasleek irabazi zuten Erberako ume zapuk bideoari esker.
Azkenik, Leitzako Udalaren saria Amazabal BHI-ko Aresoko eta Leitzako ikasleek jaso zuten Euskara Arnastuz lanagatik. Saria Maider Amantegi, Leitzako udal zinegotziak banatu die.
Sari hauek, besteak beste, IrriSarri Land, Gure Zirkua, Durangoko Azoka, ihes gela desberdinetarako sarrerak, ikas bidaian edo EITBko Goazen! eta Irabazi Arte! telesailen merchandising produktuetan gastatzeko bonuak dira.
2025eko edizioan 205 lan jaso dira eta publikoaren saria hautatzeko bozketa-epea 3.580 bozka baino gehiagorekin itxi da. Lehiaketan arnasguneetan dauden ikastetxeez gain, arnasgune txikietako ikasleak jasotzen dituzten ikastetxeek ere hartu dute parte. Hala, Euskal Herri osoko 35 udalerri inguruko ikasleek hartu dute parte lehiaketan.