«Leitzako usadioak argitara atera eta hauspotu nahi ditugu»

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 29a

Liburua osatu duen lantaldea.

ALTZADI Leitzako Kultur Elkartea 'ORANTZAROA, ILUNBETIK ARGITARA' liburuaz.

Abenduaren 5ean liburua aurkezteko ipuin kontaketa eginen dute Leitzako Kornieta elkartean, 18:00etatik aurrera.

Orantzaroa, ilunbetik argitara liburua osatu du Altzadi Leitzako Kultur Elkarteak (ALKEk). Hitzak eta marrazkiak josiz, negutik udaberrirako bidea egin dute: «Leitzako usadioak eta ospakizunak bildu ditugu, neguko solstizioarekin lotutako errituak erakutsiz». Belaunaldien arteko transmisioa dute helburu: «herriko ondarea zaindu eta biziberritzeko». Horregatik, paperezko bertsioa euskaraz argitaratu badute ere, herriko hizkuntza aniztasuna kontuan hartu dute eta itzulpenak egin dituzte.

Abiapuntua

Liburua ez da hutsetik sortu: «2007. urtean Orantzaroaren gaineko lanketa berezi bat hasi genuen. Leitzako adineko herritarrekin hainbat elkarrizketa izan genituen eta etxeetako eta baserrietako suaren epelean gordetzen ziren kontakizunak bildu genituen. Horrela, Leitzan Orantzaroa ospatzeko usadioaren nondik norakoak ezagutzeko aukera izan genuen». 

«Herri ondarea zaindu eta biziberritu nahi dugu»

Orduan jasotakoa hartu eta egokituta, Orantzaroaren ospakizuna indartzeko buru-belarri lanean aritu dira azken urteetan: «aspaldian Orantzaroa denbora tarte bat zen, solstizioarekin lotua eta herrian horrekin lotutako hainbat erritu zeuden: su berria, Orantzaroaren panpinak...». ALKEren helburuetako bat da herri ondarea zaindu eta biziberritzea eta argi dute horretarako ezinbestekoa dela garai berrietara egokitzea: «bide berriak urratzen ditugu, Leitzako kultura hauspotu eta gure usadioak argitara ateratzeko». Halaxe sortu da liburua: «jasotako testigantza horiei forma eman eta herriko gazteenei erakustea da helburua. Transmisio hori bermatzeko, beraientzat erakargarria eta ulergarria izanen den modua bilatu dugu».

Lanketa kolektiboa

Liburua osatzeko orduan esamolde bat izan da abiapuntua: «Herio begi-gorri, Orantzaroa begi-gorri eta otsoa begi-gorri». Ideia horri tiraka josi dute istorioa: «Sortze ariketa bat baino gehiago, josketa ariketa bat izan da. Ipuina osatzen duten gertaerek eta elementuek Leitzako usadioetan dute iturria». Beraien zeregina, «istorioa haurrentzako egokitzea» izan da.

Lanketa kolektiboa izan da. Batik bat, Saioa Mendia Usabiagak, Mikel Alkoz Zabaletak, Eñaut Lasarte Agirrek eta Juan Mari Barriola Gogortzak hartu dute liburua osatzeko ardura. Dena den, ezin da aipatu gabe utzi, «ALKEren ingurumarian aritu diren hamarnaka herritarren ekarpena». Hortaz, azken emaitza «pertsona batzuetatik haratago doan bide baten ondorioa dela» nabarmendu dute.

Herriko ondarea

Maimur, Orantzaroa, otsoa, herio... dira istorio honetako protagonistak: «Leitzako kulturan, mitologian, usadioetan eta nortasunean pisua duten edota izan duten pertsonaiak». Istorioa garatzeko, berriz, Leitzako usadioek eta ospakizunek eman dute kontakizunaren haria: «Animen Gaua, Orantzaroa, ilbeltzeko zintzarri jotzea eta ihoteriak ageri dira». Naturaren indarra bera ere ezin aipatu gabe utzi: «negutik udaberrira arteko bidea marraztu dugu eta naturaren zikloak duen indarraz ohartu gara».

«Belaunaldien arteko transmisioa funtsezkoa da»

Hitanoaren erabilera
Istorioa idazteko, hitanoa erabili dute: «Leitzaldean hitanoa biziberritzeko egiten ari diren ahalegin horrek ere istorio hau zeharkatu du». Ez da berria, Orantzaroaren eta hitanoaren arteko lotura hori Leitzan: «abenduaren 24ko iluntzean, Maimur eta Orantzaroa eta gaueko hainbat pertsonaia Leitzako plazara etortzen direnean, hiketan aritzen dira. Hori ere bada gurea den zerbait eta erakutsi nahi izan dugu ipuinean».

Irudien garrantzia

Hitzek bezainbesteko garrantzia dute Mikel Alkoz herritarrak egindako ilustrazioek. Kolore ilunak eta biziak, hotza eta beroa, argia eta iluna... ilustrazioek binomio horiekin egiten dute jolas. «Natura, gaua eta suaren indarra ardatz harturik, ipuinaren mezua adierazten» saiatu dela azaldu du ilustratzaileak: «argi-ilunekin, pertsonaiei misterio edo intriga puntu bat ematen saiatu naiz». 

«Naturaren zikloak duen indarraz ohartu gara»

Transmisioa

Liburuaren hartzaile bezala, batez ere, haurrak dituzte jomugan: «beraiek direlako Orantzaroaren ospakizuna intentsitate handienarekin bizi duten herritarrak». Haurrengana iristeko, ordea, ezinbestekoa da helduek zubi lana egitea: «haur askok irakurtzeko gaitasuna sei edo zazpi urtera arte garatzen ez dutenez, eskolak eta familiek istorio honen transmisiorako garrantzi handia hartzen dute». 

«Euskaraz idatzi eta herriko beste hizkuntzetara itzuli dugu»

Hizkuntza aniztasuna

Leitzako herritar guztiei eman nahi diete istorio hau kontatzeko aukera eta horregatik, herriko kultur aniztasuna kontuan izan dute: «paperezko edizioan ipuina euskaraz argitaratu dugu, baina ALKEren webgunean Leitzan hitz egiten dituzten beste hizkuntzetako itzulpenak ere eskuragarri jarri ditugu». Bertako istorioa izan arren, hamaika hizkuntzatan konta daitekeela uste dute: «ez du zertan izan euskalduna istorioa ondorengoei kontatuko diona. Gure herriko ondare hori beste hizkuntzatan ere konta daiteke. Herritarrek hitz egiten dituzten beste hizkuntzak ere kontuan izan eta beraien ama hizkuntzan kontatzeko aukera eman nahi diegu». Horretarako, zuzenean jo dute haiengana: «pozik hartu dute eskaera eta polita iruditu zaie proiektu honetan kontuan hartu izana. Beraiek izan dira itzulpenak kitxuara, arabierara, errumanierara edota urdura egin dituztenak. Eta berezia da, batzuk, eskuizkribuak direlako». Aipatutako horietaz gain, gazteleraz, ingelesez, frantsesez eta zeinu hizkuntzan ere irakur liteke istorioa. 

Liburu aurkezpena

Abenduaren 5ean, ostiralean, arratsaldeko seietan eginen dute liburuaren aurkezpena Leitzako Kornieta elkartean: «ipuin kontaketa egiteko asmoa dugu eta ondoren txokolatea banatuko dugu bertaratzen direnen artean». Herritar guztiei egin diete bertaratzeko gonbidapena: «haur, gazte, zein helduak ongietorriak izanen dira». Liburua salgai ere jarri dute Leitzako Maimur eta Astiz liburu dendetan, hamabi euroren truke eskura daiteke.

Liburu bat: lau zutabe

Mikel Alkoz Zabaleta

Ilustrazioak

Mikel Alkoz leitzarrak egin ditu ilustrazio guztiak. «Natura, gaua eta suaren indarra ardatz harturik, ipuinaren mezua adierazten» saiatu dela azaldu du eta horretarako, argi-ilunekin jokatu du: «pertsonaiei misterio edo intriga puntu bat eman nahi izan diet». 

Saioa Mendia Usabiaga

Itzulpena

Istorioa euskaraz idatzi badute ere, herriko hizkuntza aniztasuna kontuan izan eta itzulpenak prestatu dituzte: «zeinu hizkuntzan eta beste zazpi hizkuntzatan irakur liteke». Helburua argi dute: «gure herriari buruzko istorio hau, beraien ama hizkuntzan kontatzeko aukera ematea».  

Eñaut Lasarte Agirre

Istorioa

Istorioa sortze ariketa bat baino gehiago, «josketa ariketa bat» izan dela azaldu du Lasartek: «ipuina osatzen duten gertaerek eta elementuek Leitzako usadioetan dute iturria». Horregatik, lanketa kolektibo baten emaitza da: «bide luze baten ondorioa».  

Juan Mari Barriola Gogortza

Transmisioa

Bide luze baten ondorioa izan da ipuin hau: «herri ondarea zaindu eta biziberritzeko kultur elkarteak egiten duen ahaleginaren emaitza». Barriola ALKEko kideak azaldu du beraien zeregin nagusia «testigantzei forma eman eta haurrentzako egokitzea» izan dela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun