Euskararen Eguna ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte Areson

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 27a

Abenduaren 3an, eguerdian, euskararen aldeko kalejira eginen dute.

Azaroaren 30ean 'Festa fiesta party party' antzezlana eskainiko du Xabier Artiedak eta abenduaren 3an egun osoko festa izango dute.

Euskararen Eguneko ospakizunak zertxobait lehenago hasiko dituzte aurten Areson. Gora Gora Fest! kultur zikloa antolatu du Euskarabideak eta emanaldietako bat herrian izango da. Azaroaren 30ean, Festa Fiesta Party Party ikuskizuna eskainiko du Xabier Artiedak udaletxeko batzar aretoan, 18:30ean. Argitxoren postontzia ere orduan jarriko dute eta, euskara gaitzat hartuta, mezuak bidaltzeko aukera izango da. Abenduaren 3an egun osoko festa antolatu dute. Eguraldiak laguntzen badu, muralak margotuko dituzte 10:30etik aurrera. Eguerdian, euskararen aldeko kalejira egingo dute eta gero, bazkaria Pake Tokin. Norberak etxetik eraman beharko du jatekoa. 16:00etan Argitxoren buzoia ireki eta mezuak irakurriko dituzte. Segidan, Areso ezagutuz lehiaketa egingo dute udaletxean. Iluntzean pintxoak jateko aukera izango da, Maitane eta Garazi trikitilariek alaituta eta eskolako ikasleek Zaporeak elkartearen aldeko postua ere jarriko dute. Antolatzaileek festan parte hartzeko eta baserritarrez janzteko gonbidapena egin dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun