Feria Egunaren 21. edizioa azaroaren 29an izanen da. Artisau eta nekazari feria izanen da aurtengoa, aziendarik gabekoa. Nafarroako Gobernuak aziendak plazaratzea debekatu du dermatosi nodular kutsakorra zabaltzea ekiditeko eta horrek ezinbestean izan du eragina egitarauan. Feria 10:00etan hasiko da, ordurako sasoiko produktuak eta eskulanak txukun paratuak izanen dituzte plaza inguruan. Eguraldi txarrarekin frontoian izanen da. 60 bat postu izanen dira, horietatik hamabost bat herrikoak. Horren osagarri, zenbait erakustaldi eskainiko dituzte eta taloak ere jarriko dituzte salgai. Giroa alaitzen herriko trikitilariak ariko dira.
Eguerdian, Zertzena taldearen eskutik, herri kirolak izanen dira: Malen Barrenetxea eta Nerea Arruti ariko dira aizkoran eta Beñat Telleria harri jasotzen. Barrenetxeak eta Arrutik erronka berria izanen dute: bi aizkolarien artean 2,30 metroko diametroko enborra moztea. Herri bazkaria ere antolatu dute, 14:30ean. Bazkalondoan segida izanen du festak. Pasai Txaranga ariko da 18:30ean eta Rig3l eta bere lagunek kontzertua eskainiko dute gaztetxean 23:00etan. Festan segi nahi duenak, izanen du aukera Zaze DJren eskutik.