Azaroaren 27an, 18:30ean, Arnasetik bideo lehiaketako sari banaketa ekitaldia eginen dute Leitzako Herri Aretoan. Irabazleak nortzuk diren jakinarazi eta bideo irabazleak proiektatuko dituzte. Laugarren edizioa da aurtengoa, 205 lan aurkeztu dituzte eta tartean, badira eskualdeko ikasleen lanak: Aresoko, Doneztebeko, Igantziko, Leitzako, Lesakako eta Urdazubiko gazteek egindakoak.
Publikoaren saria aukeratzeko bozketan ere parte hartze handia izan da, 3.500 boto baino gehiago izan baitira.
Arnasetik bideosormen lehiaketa euskararen arnasguneetan egiten den Arnasa Gara ekimenaren barruan dago. Helburua euskararen arnasgune izendatutako herrietako 10 eta 16 urte bitarteko gazteek haien sormena erabiliz euskararekin lotutako istorioak kontatzea eta hizkuntza ohituren inguruan gogoeta egitea da.
Hiru kategoriatan banatuta
Adinaren arabera hiru kategoria banatu dituzte. LH 5. eta 6. mailako ikasleak, DBH 1. eta 2. mailetako ikasleak eta DBH 3. eta 4. mailetakoak eta bakoitzari gai bat egokitu zaio. LH 5. eta 6. mailako ikasleek gurasoek eta aitona-amonek herrian esaten zituzten esamoldeak bilatu eta gaur egungo baliokideak aurkitu edo asmatu behar izan dituzte. DBH 1. eta 2. mailetako ikasleak arnasgune batean bizitzeko casting batera aurkeztu dira, eta ia dena euskaraz egin daitekeen herri batean bizitzeko arrazoi nagusiak azaldu dituzte. DBH 3. eta 4. mailetako ikasleek beraien herria utzi behar izanez gero, zeren falta sumatuko luketen pentsatu behar izan dute.
Kategoria bakoitzeko lanik onenak 500 euroko balioa duen sari bat eskuratuko du, eta publikoaren saria ere banatuko da. Sariak Irrisarri Landen, Durangoko Azokan edo EITBren Goazen! eta Irabazi arte! telesailen produktuetan eta Gure Zirkuan erabili ahal izanen dituzte. Gainera, Leitzako Udalak herriko lan bat saritu nahi izan du bosgarren sari bat eskainiz.
Arnasa Gara proiektua eta arnasguneak
Arnasetik bideo lehiaketa Arnasa Gara proiektuaren barruan kokatzen da. UEMA, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuak sustatutako proiektua da eta xedetzat du arnasgune diren udalerriei dagokien aitortza egitea eta bertako herritarrak ahalduntzea. Hiztun komunitate sendo bati esker, euskaraz modu naturalean bizi daitezkeen udalerriek dute arnasgune izendapena. Arnasa Gara kanpainak balioan jarri nahi ditu herriok, eta errekonozimendua adierazi nahi die urteetan euskararen ongizatearen alde izandako jarrerarengatik.
Egunerokoan bertakoen artean euskara nagusitzen den gune soziogeografikoak (auzoa, herria, eskualdea, harana...) dira arnasguneak. Arnasguneetan euskara belaunaldiz belaunaldi transmititzen da familia gehienetan (gurasoen eta haurren artean); eta euskaraz hitz egiteko joera nagusitzen da.
Kasu honetan, Arnasetik lehiaketak arnasguneetako gazteengan jarri nahi du arreta, haien hizkuntza-ohituren inguruan hausnarketa eragiteko. Horregatik, Arnasetik lehiaketa arnasguneetan bizi diren ikasleei zuzenduta dago. Egia da; arnasgune asko udalerri txikiak direla, eta maiz, ikasle askok udalerri handiagoetara jo behar izaten dutela ikasketekin jarraitzeko. Horregatik, arnasgune txikietako ikasleak jasotzen dituzten zenbait ikastetxek ere parte hartu dute, batez ere eskualde-buruetako ikastetxeek. Arnasguneentzat eskualde-buruak ere garrantzitsuak dira, udalerri hauetan arreta berezia jartzea ezinbestekoa baita euskarak duen bizitasuna bermatzeko.