Ekitaldia modu berezian hasi zen: Nikaraguako haur batek bere herrialdeko dantza tradizionala eskaini zuen, Por un pedazo de cielo mi Nicaragua se formó abestiarekin lagunduta eta jantzi tradizionalak jantzita.
Bost herrialde, bost ikuspegi
Sarreraren ondotik, Goizuetan bizi diren hainbat familiek, Kolonbia, Nikaragua, Ukraina, Brasil eta Honduraseko jatorria dutenek, hartu zuten hitza. Beraien istorio pertsonalak partekatu zituzten eta Goizuetara bizitzera etortzearen atzean egon diren arrazoiak azaldu. Elkar ezagutzea ere bazen ekimenaren helburua eta horretarako herrialde bakoitzeko kultura, ohiturak eta tradizioak azaldu zituzten: argazki, objektu eta oroitzapenen bidez.
Herrira egokitzeko orduan izan dituzten zailtasunak ere aipatu zituzten: «hizkuntzaren erronkei buruz aritu ziren, egunerokoan sortzen diren oztopoak nola bizi dituzten azalduz; eta, azkenik, Goizuetan bizitzera egokitzeko prozesua kontatu zuten, herri txiki batek izan ditzakeen zailtasunak eta, aldi berean, komunitatearen babesa eta gertutasuna nola jaso duten gailenduz».
Hiru helburu nagusi landu zituzten: «kulturen arteko elkartrukea, herrialde ezberdinak balioan jartzea, eta estereotipoak haustea». Antolatzaileek azaldu dutenez, herritarrek hainbat galdera egin zituzten interesa eta errespetua erakutsiz.
Eskolaren aurkezpena: txikienek ere kulturartekotasuna landuz
Kultur aniztasuna txikitatik landu daitekeela jakinik, Goizuetako eskolak ere bere ekarpena egin zuen. Eskolan gaia landu dute eta gelan egindako lana herritarrei erakutsi zieten. Hizkuntza aniztasuna ulertzea eta partekatzea altxor berezia denez, eskolako ikasleek hizkuntza ezberdinak landu dituzte, eta ekitaldira alfabeto baten tailerra ekarri zuten, jendea bere izena beste hizkuntza batean idaztera gonbidatuz. Horretaz gain, Ukrainako errezetekin egindako proiektua aurkeztu zuten eta herrian bizi den familia batekin duen lotura zuzenak proiektuari esanahi berezia eman zion. Atal honek argi utzi zuen kulturartekotasuna eta aniztasunaren ulermena hezkuntzaren bidez modu eraginkorrean landu daitezkeela. Txikienek egindako lanka ikusmina bihurtu zen, eta nabarmen gelditu zen kultur aniztasuna herri osoaren kontua dela, belaunaldi guztiena eta lantzen jarraitu behar den zerbait.
Munduko zaporeak mahai berean
Ekitaldia amaitzeko, herrialde guztietako pintxoak dastatzeko aukera izan zen. Familiek egindako lan bikainari esker, jatorriko zaporeak, usainak eta errezetak izan ziren protagonista. Mahaien bueltan elkarrizketa berriak, eta loturak sortu ziren.
Amaieran, Goizuetako Udalak nabarmendu zuen kultur aniztasunari esker mantentzen dela Goizueta kolorez eta bizitzaz beteta: «Komunitate zabal eta anitz batek herriari etorkizuna ematen dio, eta polita litzateke ekimen hau urtero errepikatzea eta urtean zehar kulturarteko lanean jarraitzea».
Goizueta Koloretan ekitaldiak argi utzi zuen aniztasuna ez dela soilik errespetatu beharreko zerbait: ospatu beharreko aberastasuna dela. Goizuetako Udalak, Goizuetako eskolak, Fundación Empleak, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak, herriko gazteek eta herrian bizi diren kultura ezberdinetako familiek bultzatu dute proiektua.