Interesa piztu du Goizuetan sortu duten Goinarri gunearen aurkezpenak

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 14a

Azaroaren 12an aurkeztu zuten Goizuetako udaletxean Goinarri gunea eta bistakoa da herritarren interesa piztu zuela gaiak. Heldu den asteazkenean, hilak 19, bigarren aurkezpen bat eginen dute 18:30ean;inor proiektua ezagutzeko gogoz gelditu bada, aukera izan dezan.

Ikasteko, irakurtzeko, lan egiteko eta elkartzeko tokirik ez zutela ikusita, Goizuetako Udalera jo zuten irtenbide bila zenbait herritarrek. Udalak, Cederna Garalurren bitartekaritzarekin, PDR dirulaguntza eskuratu eta Goinarri izan da emaitza: haur, gazte zein helduentzako topagune bizia.

Topagune hitza nabarmendu dute: «bakoitzaren jakintza eta ezagutzak partekatzeko, ideiak gurutzatzeko eta proiektu konpartituak aurrera eramateko gunea izatea nahiko genuke». Ez hori bakarrik: «herriak duen kultura eta historia aberatsa belaunaldiz belaunaldi transmititzeko eta herriaren izena harrotasunez zabaltzeko espazioa» izatea ere bada asmoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun