'1975. Dena jokoan zegoen urtea' erakusketa ikusgai Leitzan

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 14a

(Argazkia: GUKA)

Azaroaren 17tik 22ra Leitzako Herri Aretoan jarriko dute ikusgai Olaso Dorreak eta Iratzar fundazioak antolatutako erakusketa. Irekiera ekitaldia azaroaren 17an eginen dute, 19:00etan. 

1975. Dena jokoan zegoen urtea erakusketak Euskal Herriaren ikuspegitik urte hartan gertatutakoaren memoria jaso eta gaur egunera dakar. Olaso Dorrea eta Iratzar fundazioko kideek elkarlanean antolatu dute erakusketa eta herri aretoan ikusgai egonen da azaroaren 17tik 22ra arte.  Azaroaren 17, 19 eta 21ean arratsaldez bisitatu ahal izanen da, 18:00etatik 20:30era eta azaroaren 22an, goizez, 11:00etatik 13:30era. 

Gogoeta bultzatuz 

Duela 50 urte, hiru hilabete eskasean, «historiaren norabidea goitik behera astintzen duten gertakariak» izan zirela azpimarratu dute antolatzaileek: «Txiki eta Otaegi fusilatu zituen erregimen frankistak, Franco diktadorea hil zen eta Juan Carlos I. Borboikoak estatuburu kargua hartu zuen Espainian. Espainiar trantsizio gisa ezagutzen dena azeleratu zuten gertakari garrantzitsuak izan ziren». Gaur egun Hego Euskal Herrian dugun egoera politikoa eta marko instituzionala ulertzeko «funtsezko erabakiak hartu zituzten garaia» izan zela nabarmendu dute eta horiek bildu nahi izan dituzte erakusketan. Historiaren pasarte horiek bistaratu eta gogoeta ere bultzatu nahi dute: «trantsizio espainiarrak Euskal Herriaren bilakaeran izan zuen eraginaz gogoeta egiteko elementuak ematea ere bada erakusketaren helburua».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun