Goizueta Koloretan festa eginen dute azaroaren 16an

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 14a

Argazkia: Freepik

Herriko kultur aniztasuna ospatzeko eta baliosteko ekitaldi berezi bat antolatu dute. Goizuetako udaletxeko ganbaran elkartuko dira, 12:00etatik 15:00etara.

Azaroaren 16an, 12:00etan, Udaletxeko Ganbaran hitzordu berezia antolatu dute: Goizueta Koloretan festa. Helburua herrian bizi diren kulturak hobeki ezagutzea, haien istorioak entzun eta ulertzea, eta aldi berean Goizuetari eskaintzen dioten aberastasuna aitortu, partekatu eta ospatzea da.

Goizuetan bizi diren bost herrialdetatik etorritako pertsonek beren istorioak eta bizipenak partekatuko dituzte, euren ahotsak eta esperientziak herrira hurbilduz. Ondoren, gastronomia ere kulturaren parte denez, haien jatorriko pintxoak dastatzeko aukera izanen da. Hala, munduko istorioak eta zaporeak egun berean elkartuko dira Goizuetan.

Antolatzaileek beste sorpresa batzuk ere egonen direla aurreratu dute eta herritar guztiei egin diete parte hartzeko gonbidapena.

Ekitaldi honen helburua aurreiritziak eta estigmak haustea da, ulermena eta kulturarteko elkarrizketa sustatuz. Horrekin batera, elkargune ireki bat sortzea ere bada asmoa: estereotipoak hausteko, enpatia bultzatzeko eta bizikidetza sendotzeko.

Herriko gazteekin egindako lanketa batean ikusi dute proiektu hau lantzeko beharra eta Goizuetako Udalak, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak (Kulturartekontasuna programaren barruan, Irusta Koloretan proiektua), Fundación Empleak (PueblosVIVID Herriak proiektuaren barrenean) eta eskolak parte hartu dute. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun