Azaroaren 8an, 17:00etan, Enarak ikusteko aukera izan zuten Maisunean eta aretoa bete zen. 1967an, frankismo betean, apaizgai gazte batzuek musika talde bat sortu zuten euskarazko rocka egiteko: Enarak. Ehunka kontzerturen ondoren, 1971n, modu misteriotsuan desagertu ziren. 50 urte geroago, Beñat Iturrioz taldeko kantariaren semea bilaketa xelebre batean hasi zen taldearen arrastoen atzetik eta dokumentala izan da emaitza. Beñat Iturrioz, dokumentalaren egilea, bere aita, eta Kitxi piano jotzailea izan ziren bertan, baita musikarien familiako beste kide batzuk ere: «dokumentala zoragarria iruditu zitzaigun eta beraiek eskertuta eta hunkituta zeuden jasotako erantzunarekin». Giro berezia sortu omen zen eta kantaren bat ere kantatu omen zuten elkarrekin, Solferinoko itsua.
Segidan, Aranzadi Zientzia elkarteko kideek osatu duten Iñistorketan: Iratzearen kultura Urumea bailaran paisaia, ondarea eta memoria liburua aurkeztu zuten Josu Narbarte arkeologoak eta Suberri Matelo etnografoak. Datu interesgarriak eman zituzten eta «Aranoko herritarrek iratzeen kontuak oso barneratuta» dituztenez gustura egon omen ziren.

Maisueneko ekitaldiak bukatuta, talo eta gaztaina jatearen txanda izan zen: «jende dezente inguratu zen 20:00etatik aurrera taloak eta gaztainak jateko asmoz». Bide batez, eskerrak eman nahi izan dizkiete lanean ibili ziren herritarrei: «eskerrak, beste behin ere lanean aritu ziren guztiei. Haiek gabe ez zen posible izanen».
