Goinarri gunea aurkeztuko dute bihar Goizuetako udaletxeko ganbaran

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 11

Goizuetako udaletxeko ganbaran eginen dute aurkezpena.

Ikasteko, irakurtzeko, lan egiteko eta elkartzeko tokirik ez zutela ikusita, Goizuetako Udalera jo zuten irtenbide bila zenbait herritarrek. Udalak, Cederna Garalurren bitartekaritzarekin, PDR dirulaguntza eskuratu eta Goinarri izan da emaitza: haur, gazte zein helduentzako topagune bizia. Azaroaren 12an eta 19an emanen dituzte txoko berri honen inguruko azalpenak, udaletxeko ganbaran, 18:30ean.

2024an eman zituzten Goinarri sortzeko lehenbiziko urratsak:  «Sinadura bilketa bat egin zuten eta argi gelditu zen ez zela gutxi batzuen beharra, goizuetar askoren nahia zela». Udalarekin harremanetan jarri ziren eta Cederna Garalurren laguntzarekin, 50.000 euro inguruko PDR dirulaguntza eskuratu dute; lehen urrats sendoak emateko erabili dituztenak. 

Hasieran, liburutegi baten ideia soil batek piztu zuen txinparta, baina proiektua pixkanaka borobiltzen eta aberasten joan dira: «Goizuetarentzat oinarri bihur daitekeen txoko bat eraikiko dugu». Ez da soilik ikasteko leku bat izanen: «Haur, gazte zein helduentzako topagune bizia izanen da; bakoitzaren jakintza eta ezagutzak partekatzeko, ideiak gurutzatzeko eta proiektu konpartituak aurrera eramateko gunea».

Ez hori bakarrik: «herriak duen kultura eta historia aberatsa belaunaldiz belaunaldi transmititzeko eta herriaren izena harrotasunez zabaltzeko espazioa» izatea ere nahiko luketela adierazi dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun